Etxegabeen egoerari irtenbidea eman behar zaiola dio Elkarrekin Donostiak
Infernuko hustearen ondorioz, hiriko etxegabe kopurua handitu dela ohartarazi du Elkarrekin Donostia udal taldeak. Hori dela eta, osteguneko udalbatzarrera eramango dute gaia ahulenentzako baldintza duinak bermatu daitezela eskatzeko.
Aitzole Aranetak, Elkarrekin Donostiako bozeramaileak, udal gobernuari eskatuko dio gainerako erakundeekin koordinatzea eta irtenbideak bilatzea higiene arazoak konpontzeko dutxak eta komunak prestatuz, erroldatze soziala erraztuz eta etxerik gabeko pertsonei elikadura emanez. “Gure hirian etxegabetasuna egiturazko defizita dela ere erakutsi du koronabirusak, eta, neurri horiek hartu behar baziren, egoerak okerrera egin du, Infernuan zeuden pertsonen kopuru handiarentzat alternatiba falta dagoelako. Udal gobernuak, ordea, ez du planik aurkeztu”, azaldu du udal taldeak.
Horrekin batera, gogoratu du uda hasieran iragarri zela etxegabeen plazak handitu egingo zirela hirian, 78 plaza berrirekin. “Hala ere, Hiritarron Harrera Sareak salatu du udal aterpetxeetan hogei plaza baino ez daudela irekita, eta gehiago egon daitezkeenez, ez direla irekitzen. Infernuko eremua hustean 80 pertsona inguru kanporatu zituzten”, azpimarratu dute. Bestalde, Elkarrekin Donostiak salatu du migratzaileen eta etxerik gabekoen etengabeko kriminalizazioa areagotu dela. “Irailaren 13an hainbat taldek manifestazioa egin zuten Donostiako kaleetan bizi diren pertsonentzako sakoneko konponbidea eskatzeko”.