Hiriko 100 entitatek eman dute izena dagoeneko Euskaraldian parte hartzeko
2020an Euskaraldiaren bigarren ariketa egingo da, azaroaren 20tik abenduaren 4ra. Hamabost eguneko ariketa berrian urrats bat egin nahi izan dute antolatzaileek: “norbanakoek ez ezik entitateek ere parte hartzea lortu nahi da, hizkuntza praktika berriak bultzatzen jarraitzeko neurriak hartuz”, azaldu dute.
Hain zuzen, bigarren Euskaraldiaren berrikuntza entitateetan datza, beraien barruan ariguneak identifikatu eta sortzea eskatuko baitzaie. Honela azaldu dute zer diren ariguneak: “Ariguneak euskaraz lasai aritzeko guneak dira, entitate baten barruan dagoeneko eratuta dauden hiztun taldeak edo espazioak. Arigune bat sortu ahal izateko, ezinbestekoa izango da bertako kide guztiek euskara ulertzea eta gehien-gehienak ariketa egiteko prest egotea. Arigune horiek, beraz, kideen adostasunez osatzen dira eta bertan parte hartuko dute ahobizi edo belarriprestek”.
100 entitate eta goraka
Donostian, dagoeneko, 100 entitatek eman dute 2020ko Euskaraldian parte hartzeko izena, eta izena emateko epea amaitu bitartean, gehiagok ematea espero dute antolatzaileek. Entitateek izena eman ahal izango dute irailaren 27ra arte donostia.euskaraldia.eus webgunean. “Donostiako Euskaraldiaren antolatzaileek dei egiten diegu oraindik izena eman ez duten entitateei anima daitezen bigarren edizioan parte hartzera”, adierazi dute.
Hirian askotariko entitateek eman dute izena: ikastetxeek, kultur eta kirol elkarteek, finantza erakundeek, enpresek, erakunde publikoek, eta merkataritza eta ostalaritza establezimenduek, besteak beste.
Norbanakoen txanda
Euskaraldian parte hartzeko aukera izango du euskara jakin edo ulertzen duen 16 urtetik gorako edozein herritarrek. Norbanakoen izena emateko epea irailaren 24an zabalduko da, eta izen ematea euskaraldia.eus webgunean egin beharko da; horretarako, ahobizi edo belarriprest rola aukeratzea ezinbestekoa izango da.
Edozein informazio behar izanez gero, herritarrek helbide elektronikoz, twitter bidez eta telefonoz egin dezakete kontsulta, donostia@euskaraldia.eus helbidera idatzita, 688 71 70 74 telefonora deituta, eta @euskaraldia kontura idatziz.