"Janari bilketa erraldoia egin nahi dugu, Lesboseko larrialdi egoerari tamainako erantzuna emateko"
Irutxuloko Hitzak berarekin hitz egin du, luze eta zabal, Lesboseko egoerari buruz eta Zaporeaken egungo lanari buruz gehiago jakiteko.
Janari bilketa “erraldoi” bat egingo duela iragarri du Zaporeak proiektuak, Lesbosko errefuxiatuek bizi duten larrialdi egoerari “tamainako erantzuna” emateko. Janari bilketa Euskal Herriko hamaika txokotan egingo dute asteburu honetan, irailaren 25ean eta 27an. Donostian, Bretxa merkatuan izango da bilketa, Aldamar kaleko izkinan, 9:00etatik 20:00etara.
Herritarrak janari bilketan parte hartzera deitu dituzte, eta honako elikagaiak behar direla azaldu dute: arroz luzea, txitxirioak, dilistak, babarrunak, makarroiak, atun eta sardina latak, oliba olioa, espeziak (piperbeltza eta piperbeltz zuria, kuminoa eta currya), esne-hautsa eta barratxo energetikoak.
Irati Azkuek, Zaporeak proiektuko kideak, azaldutakoaren arabera, Moria 2 izendatu duten kanpaleku berrian milaka pertsona daude dagoeneko. Orain arte, janari bilketak egin izan ditu Zaporeakek, baina “modu ziklikoan”. Oraingoan, egoera oso larria denez, asteburu honetan trinkotu dute bilketa, eta eskatu dute “esfortzua” egiteko, larrialdi egoerari erantzun azkarra eman ahal izateko: “Janari bilketa erraldoia egin nahi dugu, Lesboseko larrialdi egoerari tamainako erantzuna emateko”.
Azkuek azaldu du Lesbosen dauden pertsona errefuxiatuen egoerak okerrera egin duela, Moria kanpalekuan sute bat izan zenetik. Irailaren 9an izan zen sutea, eta sugarrek kanpalekua kiskali zuten. Suteak egoera are zaurgarriagoan utzi ditu han bizi ziren 13.000 pertsona errefuxiatuak, eta Zaporeak proiektuko kideak gogor ari dira lanean, laguntza ematen jarraitu ahal izateko. Izan ere, kanpamendua kiskali ondoren, aurrekonturik gabe geratu dira boluntarioak. Hori dela eta, kozinatzen jarraitu eta errefuxiatuei otorduak eskaintzen jarraitu ahal izateko, janari bilketa antolatu dute, baita larunbatean Antiguako frontoian egindako kultur emanaldia ere.
IRUTXULOKO HITZAk Irati Azkuerekin hitz egin du, luze eta zabal, Lesboseko egoerari buruz eta Zaporeaken egungo lanari buruz gehiago jakiteko. Elkarrizketa osoa ostiraleko astekarian izango da irakurgai.