Onkologikoko lehen solairua birmoldatzeko lanak hasiko dituzte irailaren 28an
Onkologikoko kanpoko kontsultak eta eguneko ospitalea egiteko lanak abiatuko dituzte irailaren 28an. Birmoldaketa obrak “mugarri garrantzitsua” izango direla baieztatu dute Osasun Saileko eta Kutxa banku-fundazioko arduradunek, eta obrak hamar hilabete inguruko epean amaituta egotea aurreikusten dute.
Lanek irauten duten bitartean, kanpoko kontsultetara eta eguneko ospitalera doazen onkologiako pazienteak Onkologikoko bigarren solairuan artatuko dituztela jakinarazi dute, bai bere prozesu onkologikoaren arduradunek, baita erreferentziako medikuek ere. Kanpoko kontsultetara eta eguneko ospitalera joaten diren pazienteak “zaurgarriak” dira Covid-19aren aurrean, eta horregatik, baieztatu dute gune horiek “garbiak” izango direla. “Hori egiteko, ezinbestekoa izan da Donostialdeko ESIko egituren eta zerbitzuen eta Gipuzkoako gainerako ESIen arteko lankidetza, bai lehen mailako arretan, baita arreta espezializatuan ere”, adierazi dute.
Onkologikoan egingo dituzten hobekuntzak Euskadiko Plan Onkologikoan (2018-2023) sartuta daude, eta horien bitartez, pazienteek arreta zentralizatua jasoko dutela ziurtatu nahi dute. Halaber, esan dute arreta onkologikoan inplikatutako baliabideen eta erakundeen arteko lankidetzan ere sakondu nahi dela.