Udalaren "inkoherentzia" salatu dute hiriko oinezkoentzako ibilbide sarearen plano berriaren aurkezpenean
Donostia, oinezkoen hiria lelopean, Metrominuto oinezkoen planoa aurkeztu du gaur goizean Donostiako Udalak. Mugikortasun Sailak hiriko oinezkoentzako ibilbide eta mugarrien sarea jaso du formatu berri batean: mapa sinoptiko bat osatu dute. Udaletxearen kanpoaldean egin dute aurkezpena, eta ekitaldian zehar protesta egin dute hainbat herritarrek, Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta.
Donostia oinez: Metroa zertarako? lelopean Metroaren aurka agertu dira hainbat herritar, eta udalaren “inkoherentzia” salatu dute: “Udala inkoherentea da Mugikortasun Jasangarriaren Astearen harira, gure hiriak oinez ibiltzeko duen ‘bokazioa indartu’ eta ‘Donostia bere tamainagatik oinezkoei egokitutako hiri bat dela ikustarazi’ nahi omen duen bitartean, Metroaren obra erasokor eta zeharo behargabekoa bultzatzen duelako”, adierazi dute Satorralaiakoek.
Aurkezpenean izan da Pilar Arana zinegotzia, eta bere jarrera kritikatu dute plataformakoek: “Pilar Arana zinegotziari aurrez-aurre adierazi dio manifestari batek inkoherentzia hori, mugikortasun zinegotzia gure protestarengatik kexuka pankartara hurbildu denean. Zinegotziak ez dio erantzunik eman ahal izan”, adierazi dute. Halaber, salatu dute Ertzaintzak isun bat jarriko duela jakinarazi diela, ekitaldi ofizialean protesta egiteagatik.