Barandiaran kafetegiko lanak "berehala" eteteko eskatu du Ancorak
Donostiako Udaleko Hirigintza sailean eskaera bat erregistratu zuen atzo Ancora elkarteak, Parte Zaharreko Barandiaran kafetegian egiten ari diren lanak “berehala” eten ditzaten. Bizilagun batzuek elkarteari adierazi zioten beirateak desagertu direla.
Lekua gainbegiratu ondoren, elkarteak baieztatu du beirateak kendu dituztela, eta barneko marmolezko estaldura puskatu dutela. Kalteak konponezinak izan aurretik, obra bertan behera uztea eskatu dute.
Ancorak jakin ahal izan duenez, Gipuzkoako Aldundiko Kultura saileko arkitektoek txosten tekniko bat aurkeztu zuten apirilean, jabeen eskaerak baztertzeko. Barandiaran kafetegia Parte Zaharreko Monumentu Multzoaren barruan dago, eta bere ondarea babesteko eskaera egin da. Une honetan aztertzen ari dira Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian (EHOBPB) barneratzeko.
Jabeari emandako lizentziak Barandiaran eraistea baimentzen du, eta hori “harrigarria” iruditzen zaio Ancora elkarteari. Era berean, diseinua aldatzeko baimena du jabeak, barruko elementu hainbat eraistearekin batera. Esaterako, aipaturiko marmolezko estaldura eraitsi dezake. Establezimenduaren jabeek soilik Maumejean beirateak errespetatuko dituzte, eta gainerako guztia berrituko dute. Hori “oso kezkagarria” dela dio Ancorak.
Bereizgarritasunak
Barandiaran hiriko azken kafetegi historikoa da. Art Deco diseinu mugimenduaren harribitxia da, Pablo Zabalo arkitektoak egina 1925ean. Barrualde zein kanpoalde bereizgarriak ditu diseinu koherente batekin, eta hainbat elementu nahasten ditu: marmol zuri eta beltzak, teselekin osaturiko mosaikoak eta beirate koloretsuak.