Bihar amaituko da XI. Poltsiko Antzerki Sorkuntza egitasmoan proiektuak aurkezteko epea
Poltsiko antzerkiaren alorrean euskarazko sorkuntzak bultzatzeko helburua du egitasmo honek. XI. Poltsiko Antzerki Sorkuntzan proiektuak aurkezteko epea bihar amaituko da, irailaren 24an, eta honako eskaera inprimakia bete beharko dute parte hartu nahi dutenek.
Donostia Kulturak antolatzen du egitasmoa, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen laguntzaz. “2011n jarri genuen martxan lehen aldiz modu esperimentalean deialdi hau, Euskal Kultur Erakundearekin izandako esperientzien elkartrukearen ondotik. Aurreko hamar deialdietan, 68tik gora proiektu aurkeztu dira”, azaldu du Donostia Kulturak”.
Aurtengo lehiaketan bi diru laguntza emango dituzte: irabazleak 4.000 euro jasoko ditu, eta finalistak 3.200 euro. Hala ere, atolatzaileek nabarmendu dute deialdiaren xedea ez dela diru laguntza soila, “koprodukzioa baizik”. “Aukeratutako bi proiektuen sorkuntza eta ekoizpena laguntzeaz gain, hamaikagarren deialdi honetan ere landutako obren estreinaldia egingo da Poltsiko Antzerkia Jaialdiaren programazioaren barruan (2021ko otsaila-martxoa). Hain zuzen ere, aukeratutako bi antzezlanetako bakoitzak lau emanaldi egingo ditu hiriko hainbat tabernatan”, azpimarratu dute.