Reala utzi eta Ingalaterrara doa Diego Llorente
Reala eta Leeds United aurre-akordio batera iritsi dira Diego Llorentek Ingalaterrako taldean joka dezan. Txuri-urdinek sei milioi euro ordaindu zizkioten Real Madrili fitxatu zutenean, eta orain 20 milioi euro inguru jasoko dituzte.
“Realak eskerrak eman nahi dizkio Diegori hiru urteko profesionaltasunagatik eta erakutsitako konpromisoagatik, eta, aldi berean, etorkizun pertsonal eta profesionalerako onena opa dio”, esanez agurtu du jokalari espainiarra talde txuri-urdinak.
Llorenteren agurrarekin, Realaren atzeko lerroa hankamotz geratu da. Une honetan, Imanol Alguacil entrenatzaileak hiru jokalari ditu lehen taldean, atzeko erdiko postuetarako: Aritz Elustondo, Robin Le Normand eta Modibo Sagnan. Era berean, Igor Zubeldiak postu horretan joka dezake.
Dirudienez, txuri-urdinek merkatura joko dute jokalari berri baten bila, eta horietako bat Mario Hermoso Atletico Madrileko atzelaria izan daiteke. Fitxaketak egiteko epea urriaren 5ean bukatuko da.