Realeko jokalariek euskara hutsean egingo dituzte prentsaurreko batzuk
Hizkuntza berdintasunaren alde egiteko asmoz, euskara hutsezko prentsaurrekoak egiten hasi dira aldizka Realeko futboleko gizonezkoen lehen taldeko hainbat jokalari. Taldeak adierazi duenez, laster hasiko dira ere emakumezkoen taldeko jokalariak gauza bera egiten. “Horrela, aldian-aldian, Realeko lehen futbol taldeetako jokalariek ohiko prentsaurrekoak euskara hutsean eskainiko dituzte”, azaldu du klubak.
Realak euskararen erabileraren, bultzadaren eta proiekzioaren aldeko “apustu irmoari” eusten diola azaldu dute: “Lurraldeko entitate erreferentea den aldetik, klubak urteak daramatza hainbat eremutatik euskarak bere garapenean eta hizkuntza berdintasunaren lorpenean aurrerapausoak ematen jarrai dezan egiten ari diren ekintzak eta ekimenak sustatzen”, adierazi dute. Halaber, prentsaurrekoak euskara hutsean emateko erabakia hizkuntza berdintasunaren alde “pausoak ematen jarraitzeko konpromisotzat” jo dute.
Klub txuri-urdinak Gipuzkoa berdinago egitasmoan parte hartzen du, eta dinamika horren barruan kokatu dute jokalariek prentsa aurrean izango duten praktika. Egitasmo hori 2017. urtean jarri zuen abian Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk daramate aurrera. Honela azaldu dute proiektuaren helburua: “Lurraldean erreferentzialak diren erakunde batzuk bildu, eta Gipuzkoako gizartearen aurrean oreka edo berdintasun berri horien bila eredugarri izan litezkeen jokabide egoki batzuk adostea, euskara eta gaztelaniaren arteko berdintasun sozial bat bilatzeko, baita bi hizkuntzen erabileran oreka eta eredu berriak praktikan jartzeko ere”.