"Bi sari dira niretzat, eta oso pozik nago"

Donostia Saria jasoko du gaur Viggo Mortensen aktore eta zuzendari estatubatuarrak. Falling filma aurkeztera etorri da 68. Donostiako Zinemaldira, eta oso pozik agertu da pelikularen aurkezpen prentsaurrekoan. Filmaren gidoilaria, zuzendaria eta aktore nagusietako bat da. “Pertsonalki asko eskertzen dut errekonozimendua. Dena dela, garrantzitsuagoa iruditzen zait nire izena saria jaso dutenen zerrenda ikusgarrian egongo dela jakitea”, azaldu du Mortensen.
Bart ez zuen lorik egin, aitortu duenez, eta Zinemaldiari eskertu dio saria eta bere azken lana Donostian proiektatzeko aukera. “Bi sari dira niretzat, eta oso pozik nago”. Bere ibilbideaz galdetuta, Mortensenek adierazi du zorte asko izan duela, baina prest egon behar dela zortea iristen den unerako. “Lan egin ahal izan dut zuzendari garrantzitsuekin, gidoilari eta argazkilariak. Pertsonaia oso onak egiteko aukera izan dut. Ezin naiz kexatu”.