Iritsi da udazkena Cristina Enea fundaziora
Asteartean, hilaren 22an, 15:31n hasi zen udazkena ipar hemisferioan. Urtaro berriaren hasierarekin batera, Cristina Enea fundazioak udazkenerako programazioa aurkeztu du. “Uda bitxiaren ondoren (ordutegiak eta jarduerak mugatuak egon dira), nolabaiteko normaltasunera iritsi da programazioa Cristina Eneara”, azaldu dute antolatzaileek.
Udako hiru hilabeteetan Ingurumen Baliabideen Zentroa irekita egon da, baina ordutegiak mugatuak izan dira, eta programazioa “autokudeatutako jardueretara” mugatu da ere, banaka edo familian egiteko, laguntzailerik gabe. Fundaziokoek azaldu dutenez, antolatutako jarduerek “jendearen onarpen handia” izan dute.
Udazkenean jendearentzako jarduerak programatu ditu berriro ere fundazioak, eta gogoratu du “beti ere beharrezko osasun eta segurtasun neurriak errespetatuz” egingo dituztela horiek. “Udazken honetan nolabaiteko normaltasunera itzuliko gara Cristina Enean, ordutegiei eta jardueren programazioari dagokionez”, adierazi du Iker Aranberrik, Cristina Enea fundazioko komunikazio arduradunak. Halaber, azpimarratu du udazkeneko agendak jasotzen dituen jarduera guztiek bi berrikuntza izango dituztela: alde batetik, fundazioaren webgunean izena eman beharko da jarduera guztiak egin aurretik. Aranberriren hitzetan, neurri hori beharrezkoa da parte hartzen duten pertsona guztiak “lokalizatu ahal izateko”, baldin eta COVID-19 kutsadurarik badago.
Bestetik, bigarren berritasuna da jardueren edukiera: kanpoko jardueren kasuan bederatzi pertsonara murriztuko da, eta proiekzioen kasuan, 25 sartu ahalko dira.
50 jarduera inguru
Datozen hiru hilabeteetarako ia 50 jarduera antolatu dituzte Cristina Eneakoek: “Kanpoan garatzen diren jarduerak eta ekimenak programatzen saiatu gara, jendea barruko espazioetan pilatu ez dadin, baina, jakina, jarduera guztiak ezingo dira aire zabalean egin”, nabarmendu du Aranberrik. Besteak beste, honako jarduerek osatzen dute udazkeneko agenda: erakusketak; Cristina Enea Fundazioak, Donostiako Udalak eta San Telmo Museoak elkarlanean antolatutako Agora K2050 zikloko klima-aldaketari buruzko hitzaldiak; irteerak; hazien eta agroekologiaren inguruko jarduerak; eta proiekzioak. Gainera, Egiako parkean ez ezik, Ulia Interpretazio Zentroan ere egingo dituzte gauzak: hegaztiak identifikatzeko tailerrak, mendian orientatzeko jarduerak eta baso-bainuen inguruko jarduerak.
Hona hemen Cristina Enea fundazioko udazkeneko egitarau osoa.