Kirol jarduerak doan egiteko 1.400 leku eskainiko ditu Donostia Kirolak datorren astean
Europako Kirolaren Astea dela eta, kirol jardueren egitarau zabala antolatu du Donostia Kirolak. Jarduera horiek doakoak izango dira, eta irailaren 28tik urriaren 2ra egingo dituzte. 96 saiotan kirol jarduerak doan egiteko 1.400 leku eskainiko dituzte Kirol Txartela dutenentzat. Urriaren 5ean, berriz, urteroko Kirol Ekintzak kanpaina hasiko dute.
Doako kirol jardueretan izena emateko aukera zabalik da, eta bi modutan egin daiteke: Donostia Kirolaren webgunean, eta jarduerak egingo dituzten kiroldegietan modu presentzialean. Honakoak izango dira doan eskainiko direnak: ciclo indoor, pilates, TRX, GAP, latinzumba, yoga, tonifikazioa, konbinatua, mantenimenduko gimnasia eta cross training.
Antolatzaileek azaldu dutenez, COVID-19aren harira ezarritako neurriengatik edukiera %60 murriztu dute, eta horregatik mugatu dute izen ematea Kirol Txartela duten pertsonentzat. Arrazoi beragatik, aurten ez dituzte egingo urtero egin ohi dituzten ate irekien jardunaldiak.