Realak eta Athleticek jokatuko dute Euskal Herria Kopako finala
Igandean jokatuko da Euskal Herria Koparen finala, Zornotzako Urritxe futbol zelaian (16:00). Reala eta Athletic aurrez aurre ariko dira, orain arte jokatu diren final guztietan bezala. Atzo jokatu ziren finalerdiak, eta txuri-urdinek Osasunari irabazi zioten Zubietan (2-0). Amaiur aurrelari gazteak sartu zituen bi golak. Athleticek, berriz, Eibar menderatu zuen Lezaman (4-0).
Euskal Herria Kirolak antolaturiko txapelketa egokitu behar izan dute COVID-19aren eraginez, baina horrela ere egiteko aukera izan dute. Esan bezala, finala igandean izango da, eta beste neurketa larunbatean, Errenteriako Fanderia auzoko futbol zelaian (17:30).
Datorren urteko txapelketaren lehen fasea laster abiatuko dute antolatzaileek. Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa Garaia eta Lapurdiko futbol talde onenek jokatuko dute sailkapen fasea, eta irabazleek hurrengo txapelketaren azken fasean parte hartuko dute. Partidak irailaren bukaeratik urriaren 11ra bitartean jokatuko dira.
Euskal Herria Kopa, finalak eta irabazleak:
- 2011. Athletic 4 – Reala 1 (Bakio)
- 2012. Reala 2 – Athletic 0 (Beasain)
- 2013. Athletic 1 – Reala 0 (Azpeitia)
- 2014. Athletic 3 – Reala 1 (Bilbo)
- 2015. Athletic 1 – Reala 0 (Zarautz)
- 2016. Athletic 3 – Reala 0 (Gernika)
- 2017. Athletic 3 – Reala 0 (Elgoibar)
- 2018. Athletic 5 – Reala 1 (Zornotza)
- 2019. Reala 3 – Athletic 0 (Azpeitia)