Woody Allenek irudikatu duen Donostiak txaloak eta kritikak jaso ditu
‘Rifkin’s Festival’ filmak inauguratu du 68. Donostiako Zinemaldia. Zinemagile estatubatuarraren lan berria ikusi dutenek aitortu dute hiria eder agertzen dela. Istorioa gustatu zaie Allenen zaleei, eta espero baino hobea iruditu zaie horren jarraitzaile ez direnei.

Zeresana eman du filmatzen hasi aurretik, grabaketak iraun bitartean eta estreinatu ostean. 68. Donostiako Zinemaldiaren inaugurazio galan proiektatu zuten Woody Allen zinemagilearen Rifkin’s Festival filma. Inaugurazio galak, ordea, ezusteko bat izan zuen. Woody Allenen filma proiektatu aurretik, Donostiako auzoak, periferiak eta ertzak erakusten dituen minutu bateko bideoa eman zuten, eta sare sozialetan harrera beroa izan zuen.
«Jolas edo kontrapuntu polita izan zitekeela pentsatu genuen. Gure zein txoko hautatu ote ditu Allenek? Minutu batez, Kursaalean zeudenek nork bere Donostia filmagarriari buruz amestu eta hausnartzea nahi genuen, eta ‘marko konpara ezina, periferia konpara ezineraino’ zabaltzea», azaldu du Harkaitz Cano idazle eta galako gidoilariak. «Denon arteko bilera batean atera zen ideia, eta aukera polita zela iruditu zitzaigun. Morgancrea ekoiztetxeko Carlos Rodriguezek egin du bideoa, eta uste dut erabat asmatu duela».
Postaleko Donostian ageri ez diren lekuei egindako keinu ederra ez ezik, Rafael Berrio musikariari eskainitako omenaldia ere bada. «Irudiak eta kantuak pare-parean etorri ziren. No pienso bajar mas al centro ereserki antzeko bat da Donostiako musikazale askorentzat. Aldarritik ere asko du, Rafak ohi zuen umore zirtolariarekin, beti ere. Artista puska bat zen», dio Canok. Kursaalean bideoa proiektatu zutenean, bera ere hunkitu zela aitortu du: «Rafa itxialdi garaian joan zitzaigun, eta oraindik ez dugu merezi bezala agurtu. Banuen susmoa jendearen gustukoa izango zela».
Donostia ederra
Filma ikusi duten hiru pertsonekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak. Cano da horietako bat, eta beste biak dira Amaia Garcia zinema kritikaria eta Jon Ruiz zinemazalea. «Donostia polit bat da ikusten dena filmean, eta batez ere Erdialdea erakusten du. Kontxa eta Maria Cristina ingurua. Ezusteko moduan, Pasaia ere erakusten du», azaldu du Garciak. «Zalantzarik gabe, Donostiako txoko eta paisaia ederrenak hautatu ditu Allenek. Gainera, Vittorio Storaro arduratu da argazki zuzendaritzaz, eta hiriaren edertasuna islatzea lortu du», gaineratu du Ruizek.
Canok ere Storaroren lana nabarmendu du: «Koloreak apur bat goxatu ditu, mediterraneo erara edo. Storaroren hautua izango dela pentsatzen dut. Sorollari gauza bera gertatzen zitzaion Zarauzko hondartza margotzen zuenean. Levanteko argia ateratzen zitzaion nahi gabe. Sentipen bera izan nuen filmarekin, kolorearen tenperatura igo dute. Bestalde, ilusioa egin zidan Pasai Donibane ikusteak, edo Getariako Arratoia urrunean ikusteak». Gustatu ez zaizkion gauzak ere baditu filmak. «Jendarteari dagokionez, sinpleki ez da existitzen. Allenek dekoratua hartu du eta pertsonaiak etxetik ekarri. Hori lehendik ere bagenekien, horixe da bere lan egiteko modua, ezin ditu Manhattango bere idiosinkrasia ez bere aurreiritziak gainetik kendu».
Allenek Donostiako Zinemaldia hautatu izana garrantzitsua dela azpimarratu du Garciak: «Postal baten bila etorri da. Bere istorioa zinema jaialdi batean kokatu nahi zuen, eta Donostiako Zinemaldia aukeratu du. Cannesko zinemaldian ere kontatu zezakeen istorio hau, baina Donostia hautatu badu zerbaitengatik izango da. Hiria ez da filmeko protagonistetako bat, aldiz, Zinemaldia badela esango nuke».
Turismo iragarkia
Kursaal barruko glamourrak kanpoko protestarekin talka egin zuen. Filmak hiriaren «turistifikazioa» sustatzen duela salatu zuten Bizilagunekin plataformak eta Ernaik. Era berean, bi eskaera egin zituzten; batetik, «gardentasun osoz argitzeko» Woody Allen eta Mediapro ekoiztetxearekin egindako tratuak eta pelikula grabatzeko erakunde publikoetatik eskainitako zerbitzu eta laguntza. «Honek enkarguzko makro iragarki baten itxura handiegia dauka», kritikatu zuten.
Filmaren proiektua aurkeztu zenetik hainbat kritika jaso ditu. Erakunde publikoek Woody Alleni erraztasun guztiak eman izana salatu zuten hainbat eragilek eta filma turismo iragarki bat dela diote. Era berean, turismoaren gorakada ekar dezakeela ohartarazi dute. «Donostiak ehun urte baino gehiago daramatzat turismoaren mapan. Egin daiteke, arrazoiz, irakurketa merkantilista eta publizitarioa, baina gaur gaurkoz nahiago dut pentsatu hiriari bidalitako maitasun postal bat ere badela», dio Canok.
«Ez nago batere ados filmaren inguruko protestekin. Donostiaren postala filma egin aurrekoa da, ez du Woody Allenek sortu. Filmak turismoa zenbatean erakarriko duen zalantza asko ditut, eta horri boikota egitea nahiko latza iruditzen zait. Kulturari boikota egitea gaur egun nahiko larria iruditzen zait», azpimarratu du Garciak. «Aurrerakina atera zenean, susmo hori izan nuen, baina filma ikusi ostean ez zait turismo iragarki bat iruditzen», adierazi du Ruizek.
Hiruei gustatu zaie filma. Garcia eta Ruiz Allenen zinemagintzaren jarraitzaile fidelak dira, eta kontatu duen istorioa atsegina iruditu zaie. «Allenen eskema klasikoa jarraitzen du. Protagonista judutarra da, bizitzaren eta heriotzaren inguruko galderak egiten ditu, amodio istorio arraro bat ere badu, eta gero oso ondo aukeratu duena da zinemarekiko maitasuna helaraztea filmaren bidez. Oso gustura ikusi dut eta gomendagarria iruditzen zait», esan du Garciak. «Istorioa gustatu zait. Jendeak esaten du beste edozein zinemalditan kokatu zezakeela istorio hau. Ordea, Zinemaldia aukeratu izana ondo iruditzen zait», azpimarratu du Ruizek. Eta Canori, espero zuena baino hobea iruditu zaio: «Esan behar dut erretizentzia askorekin joan nintzela, baina ez zitzaidan horren pattala ere iruditu. Ez da bere film onenetarikoa, noski, baina denok geneukan buruan Vicky Cristina Barcelona, eta hura baino dezente hobea da hau».