Udalbatzak 2021eko udal zergak igotzea adostu du
Datorren urteko udal zergak %1,1 igotzea adostu du Donostiako Udalbatzak, iraileko udalbatzarrean. Zerga arau berriekin, udal gobernuak 1,7 milioi euro gehiago biltzea aurreikusten du. “Behar gehien duten pertsonak babesten dituzte, eta hiriko ekonomia jarduerak kontuan hartzen dituzte; hain zuzen ere, konfinamenduak eragindako geldialdia gainditzen saiatzen ari den ekonomia jarduera”, azaldu du Jaime Dominguez-Macaya Ogasun zinegotziak.
Udal gobernuak zerga arauak gutxi aldatzeko proposamena egin zuen, eta EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren udal taldeekin zuzenketa batzuk adostu dituzte. Horietako batek lotura du etxebizitza turistikoekin. Zehazki, etxe turistikoen jarduera lizentzia lortzeko tasa %50 handitzea adostu dute. Bestalde, obra handia eskatzeko baimenak duen tasa %3 handitzea erabaki dute.
Bestalde, EH Bildu taldearekin erdibideko zuzenketa adostu dute, indarrean dauden mahai eta aulkien gaineko tasen hobarietan aldaketa egiteko. Udal gobernuak uda hasieran onartu zuen %66ko hobaria mahai eta aulkien gaineko tasan COVID-19a dela, eta terrazek izan duten jarduera ezari aurre egiteko. Horrela, hobaria %66koa izaten jarraituko du hamaika mahai edo gehiago duten ostalaritza establezimenduentzat, eta aldiz, %90koa hamar mahai edo gutxiago dutenentzat. Gainera, koronabirusagatik astebete edo gehiago itxi behar izango duten ostalaritza establezimenduek %99ko hobaria izango dute tasa horretan, itxita dauden egun horiei aurre egiteko.
Azkenik, udal gobernuak ondorengoa adostu du Elkarrekin Donostiarekin: Gizarte Larrialdietarako Laguntzak eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonei ez zaie aplikatuko aparkatzeko egoiliarren txartelaren gaineko tasan aurreikusitako igoera (%10).