25.000-30.000 kilo janari inguru bildu ditu Zaporeak proiektuak Donostian
Ostiralean eta larunbatean larrialdiko janari bilketa egin zuen Zaporeak proiektuak Euskal Herriko hainbat txokotan. Eta emaitza “ikaragarria” izan dela nabarmendu du Irati Azkue Zaporeak proiektuko kideak. “Eguraldia ez genuen lagun izan, baina ederki joan zen”, gehitu du.
Zehazki, Donostian bakarrik, 25.000-30.000 kilo inguru jaso zituztela azaldu du Azkuek. Janariaz gain, dirua ere biltzen aritu dira. Are gehiago, oraindik ere bizum eta transferentzia bitartez diru doaintzak egiteko aukera eskaintzen du Zaporeakek. Izan ere, diru hori ezinbestekoa da janaria Lesboseraino bidali ahal izateko, baita ura erosteko ere. Azkueren arabera, janari bilketa “erraldoian” bildutakoa eramango duen lehen kamioia aste honetan bertan abiatuko da Greziara.
Malen Garmendia Zaporeak proiektuko Lesboseko koordinatzaileak kontatu zuenez, egoera “larria” da. 11.000 errefuxiatuak Acnurrek hiru egunetan eraikitako kanpamenduan daude, eta ur punturik ez dute oraindik, ezta komun nahikorik. Egoera horren aurrean, Zaporeak proiektuak han lanean jarraituko duela nabarmendu zuen Garmendiak.