Donostiako ospitalean bi haur jaioberriren artan gertatutako "izugarrikeria" aztertzeko eskatu diote fiskal nagusiari
Antza denez, bi egunez anestesia eman zieten umeei, elikagaiak eman ordez. Ondorioz, haurretako bat zendu egin da, eta besteak ondorio larriak ditu.
Pazienteen Defendatzaileak elkarteko presidenteak, Carmen Floresek, Donostiako Ospitalean gertatutako kasu baten ikertzeko eskatu dio EAEko fiskal nagusiari. Izan ere, zabaldu denaren arabera, garaia baino lehen jaiotako bi haurri, elikagaiak —Smoflipid— ematen ari zirelakoan, anestesia —Propofol— eman zieten “gutxienez 48 orduz”, eta akats larri horrek ondorio latzak izan ditu: umeetako bat hil egin da, eta besteak ondorio larriak ditu.
Gertaera urtarrilean gertatu zen, eta honi buruz zabaldu den informazioaren arabera, erietxeko Neonatologiako Unitateak jakinarazi zion familiari gertatutako akatsa. Are gehiago, Osakidetzak familiari emandako txostenean botika ematerakoan egindako akatsa jasotzen da.
Osasun zerbitzuak, ordea, ofizialki ez du ezer esan; soilik pazienteen inguruko informaziorik ez dutela partekatzen, eta gauza bera egingo dutela oraingoan ere.
Floresek EFE agentziari esan dionez akatsa zehazki non gertatu den aztertzea ezinbestekoa da. Horretarako, umeei botika emateko “protokoloak” ondo ikuskatu behar dituzte.