Miren Albistur Donostiako PPren alkategai ohia PSE-EEko alderdikide egin da eta foru aholkulari izendatu dute
Miren Albistur Donostiako PPren alkategai ohia Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria, Kirol eta Kooperazio saileko aholkularia izango da, Harkaitz Millan sozialistaren agindupean. Hain justu, Albisturrek PP utzi du eta PSE-EEko alderdikide egin da; alkategai ohiak datozen egunetan iragarriko du bere izendapena.
Albistur Donostiako PPren aholkularia izan zen 2007tik 2015era, eta alkategai izendatu zuten 2015eko udal hauteskundeei begira; hiru zinegotzi eskuratu zituzten popularrek hauteskunde haietan. Izendapen hori polemikaz inguratuta egon zen, alderdiaren Gipuzkoako lurralde batzordeak Ramon Gomez proposatu baitzuen alkategai izateko, baina EAEko zuzendaritzak Albistur izendatu zuen. Erabaki horrek Vicente Garcia alderdiko zinegotziaren dimisioa eragin zuen eta orduko Gipuzkoako PPren lehendakariaren, Borja Senperren, kritikak jaso zituen. Ondoren, 2019an, Senper izan zen Donostiako alkategaia, baina handik hilabete batzuetara bere zinegotzi postua utzi zuen eta politika uzten zuela iragarri zuen. Hain justu, Albisturrek ere politika utziko zuela iragarri zuen 2018an, baina kargu politiko berri bat du orain.