Donostiako Maizterren Sindikatua aurkezteko bi eguneko jardunaldia antolatu dute
Martxoan aurkeztu zuten Donostiako Maizterren Sindikatua. Ordea, koronabirusak eragindako osasun krisiak atzeratu du aurkezpen ofiziala. Sei hilabeteren ondoren, ostiralean, urriaren 2an, aurkezpena egingo dute Egiako Iruresoro plazan, 19:00etan. Orain arteko beraien jardun politikoa eta arazo horrekiko duten ikuskera azalduko dute. Horrekin batera, hirian etxebizitzaren gaia jorratzen duten beste eragileekin ideiak trukatzeko baliatuko dute.
Bartzelonako Sindicat De Llogaters izango dira hitz egiten lehenak; beraien ibilbidea eta onartu berri den alokairu legea azaltzera etorriko dira. Ondoren, Donostiako eragileek hartuko dute hitza; Alokairu plataformak, Sareb-eko bizilagunek, Saretxek eta Maizterren Sindikatuak.
Larunbatean, berriz, lantegi bat antolatu dute Egiako Teila Fabrikan. 16:00etan hasiko da eta Sindicat de Llogaters-ek dinamizatuko du. Parte hartu nahi duenak posta elektronikoaren bidez egin ahal izango du. Lantegiaren helburua Maizterren Sindikatuaren lan lerroak indartzea izango da. Hain zuzen, martxoan aurkeztu zituzten jorratuko dituzte hiru lan lerroak: “indibidualki bizi ditugun arazoak modu kolektiboan lantzeko tresna bat sortzea, bertan; babesa, aholkularitza eta ekintza kolektiboa antolatuz; bigarrenik, gure hiriaren egoera zehatza ezagutu eta tokian toki administrazio publikoen, jabe handi, ertain eta txikien jarduna fiskalizatu eta konfrontatzea; eta azkenik, beste lurraldeetan sortzen ari diren antzeko maizter eta etxebizitza sindikatuekin baterajotzeak bilatzea”.