"Harrotasunez esan dezakegu Donostia bere balioengatik nabarmendu dela kulturaren esparruan"
Donostiako uda kulturalaren balantzea egin du gaur Eneko Goia alkateak, Jazzaldiko, Musika Hamabostaldiko eta Zinemaldiko hiru zuzendariekin batera. “Donostiak berriro erakutsi du bere kultura aztarna handia kulturaren sektoreak protagonismoa izan duen uda atipikoan. Eredu eta erreferente izan da bere ingurune osorako”, nabarmendu du Goiak. Hain zuzen ere, COVID-19ak nabarmen baldintzatu ditu udako kultur jarduerak.
Ekainetik irailera bitarte egindako jaialdiak eta jarduerak arrakastatsuak izan direla esan du alkateak. “Udako jardueraren balantzea oso positiboa izan da asistentziari eta segurtasunari dagokienez”. Horrekin batera, ondorengoa azpimarratu du: “Harrotasunez esan dezakegu, konplexurik gabe, Donostia bere balioengatik nabarmendu dela kulturaren esparruan. Eta gure nahia da bide hori jarraitzea eta eta jarrera estrategikoa sendotzea”. Hori lortzeko gakoak zeintzuk izan diren adierazi du. “Hori guztia zuzendaritza taldeen eta antolatzaileen, seriotasunaren, fidagarritasunaren eta antolaketaren adierazle argia da, eta, gainera, nabarmentzekoa da gizarteak egoera berezi horren aurrean izan duen erantzukizun eta errespetu eredugarria”.
Kultura ere hiriarentzat eragile ekonomiko garrantzitsua dela adierazi du Goiak, eta “kultur jardueraren aldeko apustua” izan dela egungo egoeran “laguntza politikarik onena”. Donostia Kulturak 1,4 milioi euro bideratu ditu udan sektore horretara, bai sorkuntzarako bai produkziorako. Bultzada ekonomiko handia izan da hainbat profesionalentzat, eta ahalegin handia egin dute gainera gizarte osoak kulturaz berme guztiekin goza dezan. Musika Hamabostaldia eredutzat jarri du: “525.000 euroko zuzeneko inbertsioa egin du, eta 101 arte kontratu egin dira. Gainera, jaialdiarekin lan egin duten enpresei dagozkien beste 495 lan kontratu aktibatu dira, 12.000 pertsona inguruk programazio zabala izan zezaten”. Hiriko kultura guneek izan dituzten bisita kopuruak ere eman ditu Goiak; hala nola, Tabakalera –100.000 bisitari uztailean eta abuztuan–, San Telmo Museoa –18.000 bisitari ekainaren 2an ireki zirenetik– eta Donostiako Aquariuma –89.000 bisita ekainetik irailera–.
Nazioarteko hiru jaialdiak
Ekainaren 1ean hiriko udal liburutegiak eta museoak ireki ziren, antzokiek eta zinema aretoek ere ateak ireki zituzten, eta kultura ekitaldiak egin dituzte. Dena dela, “erronka handiena” udako nazioarteko hiru jaialdiak izan direla nabarmendu du Goiak. Jazzaldiko zuzendari Miguel Martinek jaialdiaren balorazioa egin du: “COVID-19arena eta edukierena bainoago, arte bikaintasunarena izan da. Musikariek agertokira igotzean sentitu zuten emozio biziari bakarrik egozten diot”. Izan ere, parte hartu zuten askorentzat jendaurreko lehen emanaldia izan zen, aspaldiko partez. “Kultura ekitaldi hauek erakutsi dute segurtasun osoz egin daitezkeela jendearentzat eta interpreteentzat”, gaineratu du Patrick Alfayak, Musika Hamabostaldiaren zuzendariak. Azkenik, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak publikoaren ezinbesteko presentzia azpimarratu du: “Guretzat pelikula bat ikusteko lekurik onena zinema areto bat da. Jaialdi presentziala gara, eta guk presentziazko jaialdia egingo dugu edo ez dugu egingo”.
Aurrera begira, udalak kulturaren alde apustu egiten jarraituko duela esan du Goiak. Horrela, udako egutegian ohikoak diren eskaintzak berreskuratuko dituzte udazkenetik aurrera: Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, Literaktum, Donostia Kulturako ikastaroak, Kultur Etxeen programazioa eta Kursaal Eszena, besteak beste.