Jendearen babesari esker ordaindu dute Guardetxearen zorra
“Zuen laguntzari esker iaztik geneukan zorra ordaindu ahal izan dugu. Bihotzez eskertzen dizuegu emandako babes guztia”, adierazi du BandaBat elkarteak. Iaz arte Urgulleko Guardetxearen kudeaketaz arduratu dira, baina itxi zenetik pasa den denborak arazo ekonomikoak eragin zizkien. Izan ere, haien diru iturri nagusia ekitaldi eta jardunaldi kulturak antolatzea delako. Abuztua bukaeran laguntza ekonomikoa eskatu zuten zorrak kitatzeko. Horretarako, Guardetxearen logoa duten poltsak zein kamisetak salgai jarri zituzten.
Kanpaina arrakastatsua izan dela nabarmendu dute. Poltsoak iritsi zaizkie eta kamisetak jaso bezain pronto hasiko dira tabernetara eta etxeetara eramaten. “Ez bazarete garaiz iritsi eskuratzeko lasai, batzuk soberan daude eta, abisatuko dugu non eskuratu daitezkeen gehiago”, azaldu dute.
Hutsik, erabilerarik gabe
Urgulleko Guardetxeak hutsik darama pasa den urteko irailetik, eta 2009tik 2019ra BandaBat elkarteak kudeatu du. Abuztua hasieran, salatu zuten eraikina utzi eta hustu zutenetik udalak hainbat trikimailu erabili dituela. Espazioa beste eragile batzuei “dibisa politiko” gisa eskaini dietela azaldu zuten. Udalak Guardetxearen kudeaketa adjudikatzeko leihaketa publikoa noiz argitaratuko zain daude elkartekoak, euren proiektua berriro aurkeztu ahal izateko.
Eraikinaren konponketa batzuk egiteko udalak aurrekontu bat gorde zuen arren, konponketa horiek ez dituztela egin adierazi zuten. Horrekin batera, Donostiako Udalaren Gazteria sailarekin komunikazioa oso zaila izaten ari dela azpimarratu zuten. Elkartek kideak sailarekin telefonoz eta posta elektroniko bidez komunikatzen saiatu izan direnetan ez dute hitz egitea lortu.
Eraikina erabili gabe egon diren denborak arazo ekonomikoak eragin dizkietela ere esan zuten, haien finantziazio iturri nagusia diren ekitaldi eta jardunaldi kulturalak ezin izan dituztelako egin.