Metroaren gainazaleko lanen egutegia mantentzeko eskatu dio udalak ETSri
Euskal Trenbide Sareak pasa den astean baieztatu zuen Mirakontxa eta Easo arteko metroaren lanak “mugarik gabe” geldirik daudela. IRUTXULOKO HITZA Donostiako Udalarekin jarri da harremanetan gertatu denaren inguruko iritzia jasotzeko. “Nahiz eta lurrazpian egiten ari diren lanak atzeratuko diren, ETSri eskatu diogu gainazalean egiten ari diren lanen egutegia bere horretan mantentzeko, hirian dituen eraginak ez luzatzeko”, adierazi dute. Bereziki, Erdialdean –San Martin, Loiola eta Easo kaleetan– egiten ari diren lanak ez atzeratzeko eskatu dute.
Ekainaren 5etik ez dute zulaketa lanik egin Kontxako zatian, eta soilik tunelaren mantentze lanetan aritu dira. “Badirudi kaleko lanak ez direla luzatuko aurreikusitakoa baino gehiago. Hori da esan digutena”, adierazi zuen atzo Eneko Goia alkateak SER irrati katean. Aldiz, lurrazpiko lanak “sei hilabete edo urtebetekoa” atzeratzeari garrantzia kendu zion, “ehun urte luzeko erabilera izango duen azpiegitura” izango delako. Bestalde, ETSk tarte horretako metroko lanen kontratua bertan behera uztea aztertzen ari da, eta ondorioz berriz adjudikatu beharko dira zatiaren lanak. Horrek gainazaleko obran eraginik ez duela izango adierazi zuen Goiak.