Emakumeen indarra, kameraren aurrean
Sorginlore Gizarte Elkarteak antolatu du Emakumeen indarra era parte-hartzailean birpentsatzen izeneko argazki-erakusketa, Egiako Garraxi tabernan. Urriaren 28ra arte ikusi ahalko dira Nagore Legarretak ateratako argazkiak, eta Ines Mendiorozek egindako bideo bat ere ikusgai izango da Tabakalerako laugarren solairuan urriaren 2ra arte.
Bost emakume-talde desberdinek indarraren inguruan hausnartu dute, kolektiboki eta era parte-hartzailean. Hausnarketa horretatik ateratako ikasketak plazaratzeko modu bat da erakusketa. Argazki gehienak Nagore Legarretak ateratakoak badira ere, Costa Ricako Colectiva Caminandokokideek lanketa berdina egin dute, eta argazki batzuk haiek ekarritakoak dira.
Assumpta Ayerdi Sorginloreko kidearen arabera, ateratako 200 argazkitatik hemezortzik osatzen dute erakusketa. Hala ere, aniztasuna ikusten da emakumeen gorputzetan, adinean, azaleran, baita emakume horien indarraren bizipen eta irudikapenean ere. Ez da indarraren iruditeria monolitiko bat, Ayerdik esan duenez.
Nagore Legarretak espazioari garrantzia aitortu dio: “Kokalekuak oso desberdinak izan dira, eta parte hartu duten emakumeen profilak ere oso desberdinak dira. Hori oso interesgarria izan zen”.
Hurrengo asteko astekarian Assumpta Ayerdi Sorginloreko kideari eta Nagore Legarreta argazkilariari elkarrizketa egingo diogu, Garraxi tabernako erakusketari buruz.