Gastro Donosti abian da, hiriko ibilbide gastronomiko esklusiboena
Hilaren 12ra bitarte Gastro Donosti ibilbide gastronomikoa egingo dute. Hogei jatetxek bat egin dute Gipuzkoako Ostalarien Elkarteak sustaturiko egitasmoarekin. “Ostalaritzarentzat garai zailak dira, eta bere jarduera bultzatu eta dinamizatzea du helburu”, azaldu dute.
Horretarako bakarrik diseinatutako menu itxiak dastatzeko aukera izango da jatetxe horietan, San Miguel garagardoarekin edo Solan de Cabras ur botila batekin lagunduta. Hori guztia 25 eta 40 euro bitarteko prezioan (BEZa barne).
“Menuak diseinatu eta egiteko, ostalariek doako aholkulari gastronomiko baten laguntza izan dute, eta, horri esker, sukaldaritza eskaintza desberdina eta esklusiboa sortu dute, establezimendu bakoitzari eta bezeroen gustuei egokitua”, azpimarratu dute. Era berean, aurten bezeroek parte hartzen duten establezimenduetako langileei laguntzea da helburua. Horretarako, “eskupekoen poteak” diseinatu dira, eta antolatzaileek 50 euroko hasierako kopuru sinbolikoa jarri dute ostalaritza sektorea berreskuratzeko.
Egitasmoari buruzko informazio guztia, bat egin duten establezimenduen datuak, lokal bakoitzaren proposamen gastronomikoa eta horien guztien kokapen zehatza biltzen duen mapa eskuragarri dago Estamos de Tapas webgunean.