Inauterietako konpartsa eta karrozen lehiaketa eta desfilea bertan behera utzi dituzte
Donostiako Udaleko Festak sailak datorren urteko inauterietako konpartsa eta karrozen lehiaketa eta desfilea bertan behera uzteko erabakia hartu du, COVID-19a dela eta. Donostiako Festakek gutun bat bidali die hiriko konpartsa guztiei, erabakiaren berri emateko. Gutun horretan azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak pandemiaren harira abuztuaren 20an onartutako aginduan oinarrituta hartu dute erabakia, agindu horrek “zuzenean” eragiten baitu “bide publikoan egiten diren jai ekitaldietan eta, zehatzago, ikusleak lagunduta egiten den desfile modalitatean gauzatzen diren horietan”.
Festakek nabarmendu du ez dela erabaki erraza izan, baina “ezohiko egoera honen eskariei” erantzuten diela adierazi du. Era berean, pandemiaren bilakaeraren arabera, inauterietan egoerara egokitutako egitarau bat egiteko aukera aztertuko dutela azpimarratu du Donostiako Festakek.