Udalak Altzako bi lursail ikertuko ditu, amiantoa ote dagoen argitzeko
Altzako kiroldegi berriko lanak atzeratu zituen inguruan amiantoa agertu izanak, eta udalak inguru horretako bi lursail aztertuko ditu, material kutsatzailea ote dagoen jakiteko. Lursailetako bat Sasuategi eta Molinao bideen artean dago, eta bestea Larres zonako baratze pribatuen gunea da. Azken horretan, baratzeen teilatuetatik zetorren amiantoa atzeman zuten bere garaian.
Horregatik, udaleko iturriek azaldu dutenez, enpresa berezitu bat kontratatuko dute, bi lursail horietako lurra kutsatuta ote dagoen argitzeko, eta hala bada, airea ere kutsatuta ote dagoen ikertzeko. Kontratazioa lehiaketa publikora aterako dute 25.000 euroko hasierako aurrekontuarekin, eta lehiaketa irabazten duen enpresak, amiantoa aurkituz gero, kutsadura kentzeko irtenbideak proposatu beharko ditu. Ondoren, Eusko Jaurlaritzak proposatutako irtenbideak onartu beharko ditu, eta udalak gauzatu egin beharko ditu.
Altzako kiroldegiko inguruan amiantoa agertu izanak hainbat atzerapen eta moldaketa eragin zituen gune berriko lanetan, eta udalak hiru milioi euro baino gehiago inbertitu behar izan ditu dagoeneko amiantoaren arazoa dela eta. Hala ere, kiroldegi berriko lanak aurrera doaz, eta udalak aurreikusten du datorren urteko udakeznean prest izango dela.