Zakurrak hondartzetara sartu daitezke urriaren 1etik aurrera
Bainu denboraldia irailaren 15ean bukatu ondoren, zakurrak Donostiako hondartzetan sartu ahal izango dira berriz urriaren 1etik aurrera. Pandemiaren ondorioz bainu denboraldia beste urte batzuetan baino lehenago amaitu denez, herritar batzuek azken hamabost egunetan ere zakurrak hondartzetara eraman dituzte, baina gaurtik aurrera eraman daitezke ofizialki.
Alarma egoeraren ondoren, maiatzaren 1ean ireki zituzten hondartzan paseatzeko eta zakurrekin joateko, baina lotuta eraman behar ziren. Bainu denboralditik kanpo, ordea, lotu gabe eraman daiezke. Era berean, zakurrak lotu gabe eraman daitezke 18:00etatik hurrengo eguneko 12:00etara, Ametzagainako, Miramongo, Lau Haizetako, Otxokiko eta Uliako parkeetan. Gauza bera egin daiteke Urgullen udan ordutegi horretan, eta neguan 19:00etatik 10:00etara. Horretaz gain, auzo gehienetako gune jakin batzuetan ere lotu gabe eraman daitezke 20:00etatik 10:00etara. Hala ere, arriskutsu gisa katalogatutako zakurrak ezin dira inoiz aske eta muturrekorik gabe eraman.
Donostiako Udalaren datuen arabera, 15.000 zakur daude Donostian erroldatuta, 2016an 23.550 baziren ere. Hedabide honek Donostiako bi lorezain elkarrizketatu zituen udan, eta salatu zuten herritar askok ez dituztela zakurrek kakak jasotzen.