Amara Berriko jaiak "baldintza urrietara" egokituko dituzte
Amara Berriko Superxagu jai herrikoiak ez dira beste urte batzuetan bezalakoak izango. Hala ere, urriaren 8tik 10era bitartean “baldintza urrietara” egokitutako egitaraua aurkeztu dute.
Urriaren 8an egingo dute txupinazioa: streaming bidez botako du pregoia Superxaguk. Egun berean, eskolen arteko marrazki festa egingo dute auzoan, eta erakusketa Interneten izango da ikusgai.
Urriaren 9an, eraso sexisten aurkako argazkia aterako dute Armerias plazan, 19:00etan.
Urriaren 10ean, berriz, paella txapelketa egingo dute, urtero bezala. Hala ere, aurten bakoitzak bere etxetik hartu beharko du parte txapelketan. Urriaren 8ra arte dago izena emateko aukera, amaraberri@gmail.com posta elektronikora idatziz.
Musika eta dantza ere ez dira faltako Amara Berriko jaietan. Izan ere, jaietako abestiaren bideoklipa berrituko dute, eta horretarako, auzotarrei denetariko bideoak bidaltzeko eskatu diete, amaraberri@gmail.com posta elektronikora. Parte-hartzaileek bideoan euren buruak grabatu behar dituzte, “dantzan, kantuan, txiribueltaka, lagunartean…”, jai batzordekoek esandakoaren arabera.
Jaietako ekimenak sare sozialetan partekatzeko deia ere zabaldu dute.