Euskararen bueltan gero eta komunitate zabalago bat inplikatzen ari da
Irailean berriz ere abian jarri zen Intxaurrondoko Euskaraldiaren lantaldea, eta batzar irekia egin zuten iazkoa errepasatu eta aurtengoa bideratzeko. Auzoko norbanakoengan eragitea dute helburu.
Euskaraldia auzora ere badatorrela eta, hilaren 17an bilera irekia egin zuten Intxaurrondo Berri kultur etxean. Hogei bat lagun elkartu ziren, auzoko entitateen ordezkariak zein norbanakoak. Hain zuzen ere, pasa den igandean bukatu zen entitateen izen-ematea, eta dagoeneko abian da norbanakoena. Aurten, azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo dute Euskaraldia, eta oraingoan, norbanako gisa –ahobizi edo belarriprest izanez–, parte hartzeko aukeraz gain, taldean parte hartzeko aukera ere izango da arigune–en bidez.
Hasiera batean, bilera apirilaren 29rako zuten aurreikusita, baina osasun krisiarengatik bertan behera utzi behar izan zuten. Horrela, irailean berriz ere abian jarri zen Intxaurrondoko Euskaraldiaren lantaldea, auzoari begirako lanketa zehaztu eta bideratzeko. Entitateekin harremanetan jarri ziren Euskaraldia sozializatu, eta gertu dagoela jakinarazteko. Hilaren 17ko batzarrean, hainbat sektoretako entitateek parte hartu zutela nabarmendu du Bagera elkarteak. Auzoan euskararen bueltan gero eta komunitate zabalago bat inplikatzen ari dela gaineratu dute.
Iaz Intxaurrondon egindako Euskaraldiaren jardueren inguruko bideo bat osatu dute, eta bileraren egunean aurkeztu zuten. Era berean, aurtengoari begirako helburuez aritu ziren. «Belarriprest-ak indartu nahi ditugu, eta norbanakoena horrenbeste landu ez genuenez, aurten eurengan gehiago eragingo dugu», azpimarratu du Amaia Illarretak, Plazara Goaz elkarteko kideak. Horrekin batera, «kezka nagusi» baten inguruan aritu ziren: «konfinamenduak eta osasun krisiak hizkuntzan ere eragin handia izan du. Atzerapausoa eman da haur, gazte, familia eta lantokietan. Beraz, inoiz baino garrantzia handiagoa du Euskaraldia bultzatzeak».