ELA sindikatuak dio metroko lanen gainkostua %80tik gorakoa izango dela
Mirakontxa-Easo zatiaren kontratua baliogabetzea aztertzen ari da Euskal Trenbide Sarea, «gorabehera geologikoen» ondorioz aurrekontua «nabarmen handitu» delako. Kontratu berri bat lizitatu beharko dute legeak baimentzen duena baino garestiagoa delako. Metroaren obraren aurrekontu osoa 200 milioi euro ingurukoa da.
Ekainaren 5etik daude geldirik metroaren igarobidearen Mirakontxa-Easo zatiko zulaketak. Egun horretan, metroaren lanek lur jausi bat eragin zuten Zubieta kaleko 8. zenbakiko sotoan, habe bat oinarririk gabe gelditu ondoren. ELA sindikatuak salaketa bat aurkeztu zuen biharamunean «segurtasun arrazoiengatik» obra etetea eskatzeko. ETS Euskal Trenbide Sareak ekainaren 23an onartu zuen Mirakontxa-Easo tarteko «aldi baterako etenaldi partziala». Ordea, ez zituzten lanak gelditzeko arrazoiak argitu.
Pasa den irailaren 25ean Noticias de Gipuzkoa egunkariak jakinarazi zuen Mirakontxa eta Easo arteko lanak «mugarik gabe» geldirik zeudela. Era berean, 28 langileren kontratua bertan behera geratu dela adierazi zuten. Ordu batzuk beranduago, ETSk ohar baten bidez adierazi zuen Mirakontxa-Easo tartearen kontratua baliogabetzea aztertzen ari direla. «Sorturiko gorabehera geologikoen ondorioz aurrekontua nabarmen handitu da. Hondeaketaren bi fronteetan hondarra eta ezusteko ur emariak agertu dira, eta, ondorioz, kostuak igo dituzten eraikuntza sistema berriak aplikatu behar izan dira», azaldu zuten.
Tunelean sorturiko arazoak konpontzeko tratamenduak aplikatzeak kontratazio legeak baimentzen duen baino gainkostu handiagoa dakar aurrekontuan, ETSk jakinarazi duenez. «Legearen arabera, obra baten gainkostua gehienez %50ekoa izan daiteke», azpimarratu du Igor San Josek, ELA sindikatuko eraikuntza alorreko arduradunak. «Guk egindako azterketaren arabera, gainkostua %80tik gorakoa izango da. Hori onartzea erabat ilegala litzateke; eta, beraz, zati horren kontratu berri bat lizitatu beharko dute. Atzerapen handia ekarriko du, eta bitartean Erdialdean zulo bat dago, horrek dakarren ziurgabetasunarekin». Metroaren igarobidearen jatorrizko aurrekontu osoa 200 milioi euro ingurukoa da.
ETSren arabera, proiektu berria bi hilabetetan idatziko litzateke. «Kontratu berriaren %95 egungo lizitazioan oinarrituko litzateke, eta urtea bukatu aurretik aterako litzateke lizitaziorako. Adjudikatzaile berriak maiatza aldera lanak errendimendu osoz berrekin ahal izatea aurreikusten da». Epe horiek ez direla beteko uste du San Josek: «Langileak kaleratu dituzte, eta horrek esaten digu ez dela hiru hilabeteko gauza bat izango. Hau da, gure ustez abenduan ez dira lanera itzuliko». Egoerarekin ETS «oso urduri» dagoela dio San Josek. «Mirakontxa-Easo zatiko lanekin jarraitzeko asmoa duten jakin nahi dugu. Gure diruarekin egiten ari dira, eta benetan balio duen jakin nahi dugu».
ELA sindikatua hasieratik ari da metroaren obraren jarraipena egiten. Gainera, lanean aritu diren eta ari den langile askorekin harreman zuzena dute. «Hiru langileri borondatezko baja eman diegu, beldurrak jota lur azpiko lanak uztea erabaki zutelako», nabarmendu San Josek. «50 langile inguru aritu dira lur azpian lanean. 28 langile kanporatu ostean, hamar laguneko bi talde ari dira mantentze lanak eta bestelakoak egiten». Segurtasun aldetik lur azpian izan duten esperientzia «oso txarra» izan dela adierazi diete. «Profesionalak dira eta ohituta daude horrelako lanetara. Ordea, lardaskeria bat dela diote, eta zerbait larria gertatu daitekeela».
Metroko lanekin gertatzen ari dena Donostiako Udalaren erantzukizuna dela dio San Josek: «Udalean erabaki zen proiektu hau, eta kostako dena ikaragarria da. Hondar gainean eraikitako azpiegitura bat da, eta bukaeran izango duen kostua bikoitza edo hirukoitza da. Guk ez dugu eskatzen metrorik ez egiteko: esaten ari gara askoz gehiago kostatuko dela».
Udalaren eskaera
Gaur egungo egoeraren inguruko iritzia jasotzeko, hedabide hau udalarekin jarri da harremanetan. «Nahiz eta lur azpian egiten ari diren lanak atzeratuko diren, ETSri eskatu diogu gainazalean egiten ari diren lanen egutegia bere hartan mantentzeko, hirian dituen eraginak ez luzatzeko», adierazi dute. Bereziki, Erdialdean –San Martin, Loiola eta Easo kaleetan– egiten ari diren lanak ez atzeratzeko eskatu dute.
Eneko Goia alkateak irrati batean eskainitako elkarrizketan metroari buruzko galderei erantzun zien. «Badirudi kaleko lanak ez direla luzatuko aurreikusitakoa baino gehiago. Hori da esan digutena», adierazi zuen. Aldiz, lurrazpiko lanak «sei hilabete edo urtebetekoa» atzeratzeari garrantzia kendu zion, «ehun urte luzeko erabilera izango duen azpiegitura» izango delako. Bestalde, Mirakontxa-Easo zatiaren kontratu berriaren adjudikazioak gainazaleko obretan eraginik izango ez duela esan zuen Goiak.