"Ni oso gustura nago egindakoarekin"
Asteartean itzuli zen etxera Ander Balda (Astigarraga, 2003) Ur-Kirolakeko arraunlari gaztea. Gogotsu zegoen. Bi hilabete luze egin ditu Galizian, Espainiako selekzioarekin bilduta. Izan ere, joan den asteburuan Belgradon (Serbia) egin den Europako Aulki Mugikorreko Junior txapelketan aritu ziren lehian. Baldak scull 4x modalitatean—lau pertsonako ontzi luzea— hartu zuen parte; B finala irabaztea lortu zuten.
Balda, Ur-Kirolaken egoitzan, Loiolan. (Argazkia: Xabier Goienetxea/Ur-Kirolak) Nola hasi zinen arraunean?
Hasieran, pilotan jokatzen nuen, Astigarragan bertan, baina arrauna betidanik gustatu zait, eta gaztetatik gogoa nuen hura probatzeko. Ikusita pilotan ez genuela asko entrenatzen, hura uztea erabaki nuen —lagunekin oraindik ere noizbehinka partidak jokatzen ditudan arren—, eta arraunean hastea. Herritik gertuen zegoen taldea zenez, Ur-Kirolakera joan ginen jakiteko nola zihoan kontua, eta hala hasi nintzen.
Noiz izan zen hori?
Haurren kategoriako bigarren urtean, 13 urterekin gutxi gora behera.
Nola sortu zen Europako txapelketara joateko aukera?
Joan den urtean, oraindik kadete mailakoa nintzela, Espainiako Gazte Kopan parte hartzeko aukera izan nuen eurekin. Aurten ere, deia jaso nuen, beste zazpi mutilekin batera. Bi hilabete eta erdiz Galizian bilduta izan gara, entrenatzen eta Europako txapelketa buru-belarri prestatzen. Zortzi horietatik sei aukeratu gintuzten, bi scull 2xan aritzeko eta beste lau, ni tartean, scull 4xan aritzeko. Hala ere, Belgradorako txartela eskuratzeko gutxieneko denbora lortu behar genuen. Hala eginda, joan den asteburuan Belgradon (Serbia) aritu gara lehian.
Aukera hori izatea espero zenuen hasiera batean?
Koronabirusaren egoera ikusita, bagenekien mundialik ez zela izango, baina Europako txapelketarekin zalantzak genituen. Horrek entrenatzeko motibazioa pizten dizu. Itxialdian, neure onena erakusteko helburuarekin entrenatu nuen, eta bidaltzen zizkidaten guztiak egiten nituen. Hilabeteak pasa ahala, Galiziako egonaldia egingo zela baieztatu ziguten. Han geundela jakin genuen Europako txapelketarekin ere aurrera egingo zutela. Eta pozgarria izan zen.
Nola joan zen Europako txapelketa?
Txapelketa hasi aurretik urduri nengoen, Europako lehen txapelketa baitzen niretzat. Eta ez ginen oso ondo hasi. Larunbat goizeko kanporaketetan bi sailkatzen ziren, eta guk ez genuen lortu postu horietako bat. Arratsaldean, berriz, bigarren aukera izan genuen, eta horretan bai, sailkatu ginen. Igande goizean, final aurrekoetan hartu genuen parte. A finalean egon nahi genuen, baina B finalerako sailkatu ginen. Igande arratsaldean, B finala irabazi genuen.
Hasiera batean espero zenutena lortu zenuten?
Esan bezala, helburu nagusia A finalean egotea zen, baina B finala irabaztea ere oso positiboa da. Ni oso gustura nago egindakoarekin. Entrenatzeko denbora asko izan badugu ere, egun txarrak izan ditugu.
Nazioartean lehen aldiz aritu zara lehian. Zer iruditu zaizu?
Ikaragarria izan da. Izugarri gustatu zait ikustea nola zegoen dena antolatua, baita taldeen kontua ere. Estropadak ere oso gustura egiten dituzu. Oro har, bizitako esperientziarekin oso pozik nago.
Nola moldatu zarete txapelketan koronabirusari lotutako protokoloekin?
Pandemiagatik dena arraroa izan bada ere, dagoeneko nolabait ohituta geunden honetara guztira txapelketara iritsi ginenerako. Izan ere, Galizian egonaldia hasi genuenetik aritu behar izan ginen maskarekin eta desinfekzio protokolo guztiak aintzat hartuz.
Gainontzeko taldeekin egoteko aukera izan duzue?
Ez, ez dugu aukerarik izan bertatik bertara hitz egiten egoteko. Egia da karpetan ez ginela elkarrengandik oso urruti —metro eta erdiko distantzia baino gehiago mantentzen bagenuen ere—. Baina ez, ezin izan dugu.
Bestalde, aipatu duzu bi hilabete eta erdiz Galizian izan zaretela bilduta. Zer iruditu zaizu?
Oso esperientzia ona izan da, eta oso gustura egon naiz. Gainera, bai arraunlarion artean, baita entrenatzailearekin ere oso harreman ona genuen. Serio entrenatu behar genuenetan serio entrenatzen genuen, baina hortik kanpo barre egin eta ondo pasatzeko une asko izan ditugu.
Gogoa zenuen etxera itzultzeko?
Bai, gogo izugarria. Gustura izan naiz egonaldian, baina hainbeste denbora etxetik kanpo egotea luzea egin zait. Gainera, familia ezin izan da bisita egitera etorri, batik bat pandemiagatik. Bestela, ziurrenik etorriko ziren astebururen batean edo. Bakarrik bideo-dei bitartez ikusi dugu elkar, eta telefonoz hitz egin dugu.
Datozen hilabeteetan, zein da zure plana?
Lehenengo plana, etxera iritsi berri naizenez, hemen kokatzea da. Hainbeste hilabete kanpoan izan naizenez, ezinbestekoa dut hori egitea. Eta, ondoren, entrenatzera berriz ere. Ondo entrenatzen jarraitu beharra dago. Hemendik hamar egunera Espainiako Gazteen Txapelketa dugu Sevillan, eta modu egokian prestatu behar dugu. Ni ziurrenik skiffan —pertsona bakarreko aulki mugikorreko ontzia— eta scull 4xen arituko naiz han. Hura pasa ondoren, agian atseden apur bat izango dut.

