"Turismoa asmatu zuteneko Donostia hura irudikatzeko interesa dut: badago materiala"
Crossover Festibalean parte hartuko du bihar Maddi Castro Elosegik (Tolosa, 1988): euskarazko telesailen ekoizpenaz hitz egingo du Angel Aldarondo eta Jon Plazaolarekin. ‘Pikuak’ websailaren bigarren denboraldia du martxan, eta ‘belle époque’ garaiko Donostiari buruzko telesail bat egiteko interesa du. Euskarazko telesail gehiago behar direla uste du.
Crossover festibalean hartuko duzu parte. Zein izango da zure egitekoa festibalaren barruan?
Aurten ekoiztu diren euskal websailen mahai-inguruan izango naiz, eta beraz, oraintxe bertan euskaraz egiten ari diren ekoizpenak aurkeztu eta testuinguruan kokatuko ditugu. Angel Aldarondo eta Jon Plazaolarekin izango naiz mahai-inguru horretan, eta nik uste dut arlo desberdinetatik egingo dugula: Jon aktorea da, Angel errealizatzaile eta gidolaria da, eta nik zuzendari lanak egin ditut.
Festibalean izango zara, besteak beste, websailgilea zarelako.
Zer moduzko esperientzia izan zen ‘Pikuak’ websaila zuzentzea?
Oso esperientzia ona izan zen. Lehenik izan zen lantaldea sortzea, gidoia sortzea, eta hori indartzea. Behin lantaldea osatuta, grabatu genuen, editatu, postproduzitu eta abar. Niretzat sekulako ikasketa izan da: jende pila bat ezagutu dut, eta industria barrutik ezagutzeko modu bat ere izan da. Sorkuntzan bete-betean murgiltzen zara, eta horrek beste leku edo posizio batetik egiteko aukera ematen dizu.
Zure iritziz, zeintzuk dira euskarazko telesailek gaur egun dituzten erronkak?
Nik uste dut gehiago falta zaizkigula. Gero eta telesail gehiago kontsumitzen dituen gizarte batera goaz, eta plataforma ezberdinetan kontsumitzen ditugu. Behar dugun lehenengo gauza da gehiago ekoiztea. Eta gauza desberdinak ikusi nahi nituzke genero edo formatu aldetik: izan animaziozko websail bat, izan erdi dokufikziozko bat.
Websailek telesailak hil dituzte?
Nik uste dut websailen eta telesailen arteko muga desagertzear dagoela. Izango dira websail laburragoak edo luzeagoak, baina ez dut uste hemendik urte batzuetara izango denik hau weberako eta hori telebistarako: dena da azkenean Interneta, smart mundu hau. Uste dut hiltzera baino gehiago, dena bat egitera doala.
Izan al duzu telesailen munduan oztoporik emakume izateagatik?
Ez, bereziki. Ez nire bizitzako beste arloetan baino gehiago edo gutxiago, neurri berean.
Nola irudikatzen dituzte telesailetan emakumeak?
Denetarik dago. Disney munduan markatuago zeuden estereotipoak eta genero-rolak: zer den emakume bat izatea, zer den gizon izatea, zer espero behar den bataz edo besteaz. Eta noski, horren herentzia gara. Baina nik uste dut azken urte hauetan ikusi ditugula pertsona pila bat arau eta tabu asko hausten. Nahi duenak nahi duena aurki dezakeen momentua da: bada hemen jendea egunerokoan RuPaul’s Drag Race ikusten duena; agian Goenkale-ren maitaleek segituko dute telesaila ikusten; eta bada jendea hemen eta orain telenobela turkiarrak ikusten. Aniztasun horretan bizi gara gaur egun.
Zein proiektu dituzu martxan momentu honetan?
Pikuak 2 egiten saiatzen ari gara, momentuz hori da esku artean dudana. Negoziatzen ari gara, eta hori egiteko eta bultzatzeko ahalmena duen eragilearekin hizketan. Hortxe gabiltza, eta nahiko zehaztua daukagu, baina oraindik ez dugu bukatu.
Telesailak egitea albo batean utzita, zein telesail mota ikustea duzu gogoko?
Normalean umorezko telesailak edo umore kutsua duten pertsonaiak ikustea gustatzen zait. Fikzioan asko eskertzen dudan gauza bat da.
Zein da erreferentziazko telesail bat zuretzat?
Azken urteetan inpaktu gehien eragin didana The Handmaid’s Tale da. Uste dut inflexio-puntu bat izan zela, eta luzaroan iraungo duela.
Nahiz eta Tolosan jaio zinen, Antiguan bizi zara aspalditik. Nolako telesaila irudikatzen duzu Donostian?
Badaukat ideia bat. Asko interesatzen zait belle époque garaiko Donostia hura, eta zabalgunea irudikatu zeneko Donostia. Turismoa asmatu zuteneko Donostia hura irudikatzeko interesa dut. Turismoak dakartzan arazoetako batzuk bazeuden; orduan planifikatu zen. Irudikatu nahiko nuke nola diseinatu zituzten kaleak, norentzat, zein klase sozialetarako… Hori irudikatzea interesgarria iruditzen zait: badago hor materiala Donostian.