Aniztasuna artearen bidez landuko dute familiek Hip Hip Urri proiektuarekin
Ikertze kultur elkarteak aurten ere Hip Hip Urri egitasmoa antolatu du, etxeko txikienek haien familiarekin esperientzia artistiko bat bizi dezaten. Egitasmoaren helburua kultur aisialdia familian sustatzea da, eta esperientzia artistiko horren barruan etxeko txiki eta handiek elkarrekin lan egin beharko dute. Aurten landuko duten gaia aniztasuna izango da, eta lanketa hori egiteko, Itziar Nanclares eta Lorena Rejo artistek kolaboratuko dute familiekin. Material desberdinekin performance-ak egingo dituzte, besteak beste.
Zortzi tailer egingo dituzte guztira, eta bakoitzak 90 minutuko iraupena izango du. Horietako lau Donostian izango dira; Ikertze kultur elkartearen egoitzan (Txalupagillene, 2), hain zuzen. Urriaren 16an 16:45ean eta 18:30ean, eta urriaren 24an 16:00etan eta 18:00etan izango dira tailerrak. Ordizian eta Seguran egingo dituzte gainerakoak.
Tailer bakoitzean 25 pertsonak parte hartu ahal izango dute gehienez, eta aurrez izena ematea komeni da ikertze@ikertze.net helbidera idatziz.