Metroaren lanetan lizitazio berria izango dela baieztatu du Iñaki Arriola sailburuak, baita "gainkostu garrantzitsua" izango duela aitortu ere
Iñaki Arriola Etxebizitza, Lurralde Plangintza eta Ingurumen sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu du metroaren lanetako Easo-Mirakontxa zatiko lanetako kontratua lehiaketa publikora aterako duela berriz Euskal Trenbide Sareak (ETS). Izan ere, hainbat arazo izan dira azken hilabeteotan zati horretan, Zubieta kaleko eraikin batean luizi bat izan zenetik. Azkenean, lanak eten behar izan dituzte, hondar eta ur asko agertu direlako. Era berean, lizitazio berriak “gainkostu garrantzitsu bat” ekarriko du –ELA sindikatuaren arabera, %80koa izango da–, baina sailburuak adierazi du lan “konplexua” eta “tamaina handikoa” dela, eta nabarmendu du halako lan guztiek izaten dituztela intzidentziak.
Bestalde, Arriolak azaldu du metroaren lanetan 6,9 kilometro hondeatu behar direla, eta hondeaketa horien %90 egina dagoela jada. Era berean, nabarmendu du arazoak Mirakontxa eta Easoren arteko 400 metroko zati bateko bi puntutan baino ez daudela.