Zulo beltzak eta Mars 2020 misioa izango dituzte hizpide Astronomia Jardunaldietan
Aranzadi Zientzia Elkartearen Astronomia Jardunaldiak hilaren 7an eta 9an izango dira Zorroagan duten egoitzan. Era berean, Zoom plataformaren bidez ikusi ahal izango dira streaming bidez. Astronomiaren munduan azken urteotan zeresana eman duten bi gai esanguratu hautatu dituzte: zulo beltzaren lehen argazki ospetsua eta Mars 2020 misioa. COVID-19aren eraginez, osasun neurri berrietara egokitu behar izan dituzte jardunaldiak modu presentzialean egin ahal izateko. Entzule gisa joan nahi izanez gero, derrigorrezkoa da webgune honetan izena ematea. Sarrera doakoa eta nahi duten guztientzat irekia da, baina tokiak mugatuta daude.
Bi euskal ikerlari ospetsuk parte hartuko dute. Hilaren 7an, Espazioa-denboraren mugetan: M-87 zulo beltz baten lehen argazkia hitzaldia emango du Antxon Alberdi astrofisikari donostiarrak. CSICeko ikerketako irakaslea eta “Andaluziako Astrofisikako Institutuko” (IAA-CSIC) zuzendaria ete bada. Euskal ikerlari hori izan da duela urtebete zulo beltz baten benetako lehen irudia erakutsi zuen nazioarteko proiektuko kide izan den zortzi zientzialarietako bat. Horixe izan zen komunikabide guztietako titularretan agertu zen gertakizun astronomiko interesgarrienetako bat.
Hilaren 9an, berriz, Marteko gainazalaren azterketa (bio)geokimikoa Mars 2020 misioarekin hitzaldia emango du Juan Manuel Madariagak, EHUko Kimika Analitikoko katedradunak. Eskarmentu handia duen euskal zientzialaria da, eta 2014an sartu zen SuperCam tresnaren Zientzia taldean. Aipaturiko tresna hori da NASAk uztailean Martera bidali zuen Perseverance roverrean instalatuta dagoena. Hitzaldian, Mars 2020 misioaren aurretik egindako misio ugarien bidez Marteren inguruan ikasitakoari buruzko errepasoa egingo da: Viking (1976), Pathfinder (1997), Opportunity‐ Spirit (2004) eta Curiosity (2012) misioak.