Mintzalaguna egitasmoan izena eman daiteke urriaren 19ra arte
Donostiako Udalak, Euskara Zerbitzuren bitartez, eta Bagera elkarteak lortutako akordioari esker, Mintzalaguna egitasmoan parte hartzeko 25 euro ordaindu behar dute soilik praktika behar duten parte hartzaileek. Izen ematea zabalik da urriaren 19ra arte. Egitasmo hau euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi duten euskara ikasleei zuzenduta dago eta berebiziko garrantzia du ezagutzatik erabilerarako jauzia emateko.
Euskara praktikatu nahi dutenek eta praktika horretan lagundu nahi duten euskaldunek izena emateko aukera dute. Izena emateko bide nagusia Bagera elkartearen webgunea izango da. Horrez gain, telefonoz 943 00 50 74 telefono zenbakian eta elkartearen egoitzan (Hernani kaleko 15. zenbakian) ere egin daiteke.
Euskaraz gehiago hitz egin nahi baduzu, edo euskaraz hitz egiteko gaitasuna landu nahi baduzu, hau da zure aukera. Mintzapraktika hiruzpalau laguneko taldeetan elkartuta egiten da eta parte hartzeko bi baldintza bete behar dira: euskaraz komunikatzeko gai izatea (B.1 mailatik gora) eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea.
Saioak aurrez aurre
Etxealdian, Mintzalagunak Interneten bidez harremanetan jarraitu dute. Uda ondoren, bidelariak eta bidelagunak astero biltzen hasiko dira. Izan ere, asteroko hitzorduei ekingo diete berriro, elkarrekin esperientzia aberasgarriak bizitzeko gogoz. Berriz mintzapraktika egiteko bilduko dira, elkar zainduz eta erantzukizunez. Hala ere, pandemiak irauten duen bitartean online egiteko aukera ere izango da. Bestalde, auzoz auzo elkartzeko espazio seguruak bilatzen ari gara, normalean paseatuz, taberna batean mahai baten bueltan… izaten dira saioak.
Hizketan lagun giroan aritzeko aukera eskaintzen du Mintzalagunak eta pixkanaka sumatuko duzu mintzapraktikaren efektua, izan ere, esperientziak erakutsi digu hizkuntza bat bidelagunekin batera ikasten bada, orduan indartzen dela haren erabilera.
Gurasolagunak: Mintzalaguna eskolan!
Ikastetxeekin “Gurasolaguna” Mintzalagunaren aldaera eskainiko da Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntzari esker. Gurasolaguna aldaeran ikastetxe bereko gurasoekin osatuko dira mintza taldeak. Bereziki, haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako lehen zikloko gurasoei eskainitako aldaera da, izan ere, bereziki adin horretako haurren gurasoek egiten duten ahaleginak berebiziko garrantzia du familiaren hizkuntza ohituretan.
Laguntzaileak
Ikasturte honetan ere euskaraz hitz egiteko gaitasuna landu nahi dutenei laguntzeko prest bazaude, lagundu jauzi egiten! Nahikoa da astean ordubete eskaintzea, eta ikasleek euskaren erabileran aurrera egiten lagunduko lukete animatzen den laguntzailea.
7.000 lagunetik gora Euskal Herrian
Mintzalaguna egitasmoa 1993an urte sortu zuen Bagera elkarteak, eta geroztik, Donostian, pertsona asko aritu da euskaraz berriketan asteroko hitzorduetan Donostiako kaleetan. Eta Donostian ez ezik, Euskal Herriko 120 herri eta hirietan ere zabaldu da egitasmoa, azken ikasturtean esaterako 7.000 mintzalagun aritu dira Euskal Herri osoko 22 herrietan . Horiek guztiek, une batean, jauzi egin dute: etxetik taldeko girora lehendabizi eta, taldeko konplizitatean, kaleko erabilerara gero.