Miramongo Matineeak larunbatean itzuliko dira
Koronabirusaren pandemiarengatik Miramongo Matineeak etenda izan ondoren, larunbat honetan, hilaren 10ean, itzuliko dira. Udaberriko denboraldian sei kontzertu utzi behar izan zituzten bertan behera, eta horietako batzuk berreskuratuko dituzte udazkeneko denboraldi honetan. Horretaz gain, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko hainbat talde euren kontzertuak prestatzen ari dira, Kup taldea eta Suhar korua denboraldi berriko gonbidatuak izango dira, eta Euskadiko Orkestra Sinfoniko osoak entsegu orokor bat eskainiko du Robert Treviñoren zuzendaritzapean. Miramongo Matineen ziklo berria irekiko duen kontzertua Belharra taldearena izango da, Schuberten eta Beethovenen hari-kuarteto bana eskainiko du; larunbatean izango da, 11:000etan, ohi bezala.
Udazkeneko zikloa hamasei kontzertuk osatuko dute, eta egitarau zabala prestatu dute. Lehenengo lau asteetan, martxotik ekainera bertan behera utzi behar izan zituzten hainbat kontzertu izango dira. Ondoren hasiko dira berritasunak heltzen Miramongo Matineetara, Euskadiko Orkestra Sinfonikoan sortutako hainbat ganbera talderen eskutik: Mefisto Laukotea, Attacca Laukotea, Bach Camerata Miramon eta Alma Hirukotea eta Lagunak, besteak beste. Aipatu entsegu orokorra apirilean izango da, eta Ravelen La valse, Alborada del gracioso eta Bolero obrak joko dituzte. Zikloko egitaraua Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren webgunean kontsultatu daiteke.
Larunbatean hasiko den zikloa 29. Miramongo Matineea izango da, eta koronabirusaren inguruko berritasunek eta neurriek baldintzatuko dute. Hain justu, gaur gaurkoz indarrean dauden edukiera neurriak direla eta, momentuz ez dituzte sarrerak eta abonamenduak salduko, dagoeneko zikloak dituen abonatuekin edukiera beteta baitago. Baldintzak aldatuz gero, jakinarazi egingo luke antolakuntzak, eta sarrerak Euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaaleko leihatilan erosi ahal izango lirateke, zazpi euroren truk.