Satorralaiak metroaren lanak "behin betiko" gelditzeko eskatu du, eta manifestaziora deitu du
Azken astean Donostiako Metroaren lanetan izandako gertaeren ondoren, Satorralaia plataformak gertatutakoaren inguruko “erantzukizunak argitzeko” eta lanak “behin betiko” gelditzeko eskatu du. Izan ere, Easo-Mirakontxa zatiko lanak gelditu behar izan dituzte hondarra eta ura agertu direlako, eta horren ondorioz, ELA sindikatuaren arabera, %80ko gainkostua izango dute lanek; gainera, 28 langile kaleratu dituzte. Iñaki Arriola sailburuak astelehenean baieztatu zuen “gainkostu garrantzitsu bat” izango dutela. Satorralaiak nabarmendu du egoera “larri” honek azpiegitura lan handi eta zentzugabe hori auzitan jartzeko azken urteetan defendatutako arrazoiak “egiaztatu” baino ez dituela egiten. Horregatik, manifestaziora deitu dute azaroaren 14rako.
Bestalde, aipatu zatiko lanak gelditzea eragin duten “arazo larriei buruzko informazioa jendaurrean eta gardentasun osoarekin” azaltzeko eskatu dio plataformak Eusko Jaurlaritzari. “Azken egunotan ezagutu diren dokumentuen arabera, lanak erabateko larrialdi egoeran daude, eta uztailaren 16an Lanen Zuzendaritzak Urbieta kalearen azpian geldiarazi behar izan zituen halaber tunelaren zulaketa lanak, zehazki Koldo Mitxelena Kulturgunearen eta Amarako Eskolen artean”, gaineratu du Satorralaiak.
Euskal Trenbide Sareak (ETS) “arintasuna” eta “seriotasun eza” agertu dituela salatu dute, baita Eneko Goia alkateak eta Donostiako udal gobernuak agertzen duten “morrontza eta partzialtasun politiko zekena” ere. Era berean, metroa proiektu “behargabekoa” dela azpimarratu dute, baita “xahuketa ekonomiko itzela” suposatzen duela ere.