Udalak Haritzalderi kobratu nahi dio urtero jartzen duen hazi postuarengatik
Haritzalde Naturzaleen Elkarteak salatu du Donostiako Udalak kobratu nahi diela urtero jartzen duten doako hazi banaketa postuarengatik: “Herritarren artean hain arrakastsua izan ohi den jarduera burutu ostean, estrainekoz domeinu publikoa okupatzeagatik zerga bat ordaindu behar genuelako agiria jaso genuen. Ezin genuen sinetsi. Urteetan sentsibilizazio jarduera burutzen, maiz udalak berak diruz lagunduta eta bat-batean, irizpide aldaketa, eta aberasteko asmorik gabeko elkarte bati, ingurumenaren alde, naturaren alde eta gizartearen alde lanean ari den elkarte bati, kobratu nahi dio udalak, berak egin beharko lukeen ekintza bat aurrera eramateagatik”, salatu dute naturzaleek. Haritzaldek azaldu du udalak kobratu nahi dion kopurua 18,12 eurokoa dela, bain hori “gutxienekoa” dela azpimarratu du, 22 urtez postua jarri ondoren, udalaren jarrera “justifikaezina” dela salatu baitu. Astearteko tokiko Gobernu Batzorde osteko prentsaurrekoan gaiaren inguruan galdetuta, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak azaldu du ordaindu beharrekoa “ohiko tasa bat” dela.
“Haritzaldetik horren inguruan galdetu genuen hainbat udal departamendutan, eta teknikari batek baino gehiagok lotsatuta zegoela aitortu zigun. Ez genuela borondatez ordainduko adierazi genuen, eta orain Donostiako Udalak kontuen saldoa –18,12 euro– bahitu egingo digula dio mehatxuzko gutun batean”, azaldu dute naturzaleek. Era berean, elkarteak nabarmendu du ez dela udalak halako zerbait egiten duen lehenengo aldia, Eguzki Talde Ekologistari kobratu nahi izan baitzion urtero Gladys del Estal ekologistari Egiako parkean egiten dion omenaldiarengatik: “Biolentziaren biktima zuzena izan zenari, Euskal Herriko eta, nola ez, Donostiako ekologismoarentzat eta oro har gizarte oroarentzat ikurra den pertonari omenaldi xumea egiteagatik kobratu nahi izateak ez du izenik”.
Bestalde, udalak ingurumenarekiko duen konpromiso falta salatu du Haritzaldek, eta Belartzako afera ekarri du gogora: “Auzitegiak ebatzi zuen epaiketaren kostuak Donostiako Udalak ordaindu behar zituela, 1000 euro. Udalak, ordea, ez du epaia bete, eta Haritzalderi zor dion dirua ere ez du ordaindu. Guk badugu udalaren kontuak bahitzerik?”. Lourdes Txikiko “sarraskia” ere gogoratu dute naturzaleek, eta azaldu dute Belartzakoa eta Lourdes Txikikoa ikusita, Eguzkik eta Haritzaldek erabaki zutela Donostiako Ingurumen Kontseilu Sektorialeko bileretara ez joatea, aipatu bi kasuak sustatu zituen hirigintza zinegotzi ohia, Enrique Ramos, Ingurumen zinegotzi izendatu zutelako: “Guk haren dimisioa edo kargugabetzea eskatu, udal gobernuak Ingurumen zinegotzi izendatu”.
Horregatik guztiagatik, Haritzaldek azaldu du aurten ez diotela udalari diru-laguntzarik eskatuko: “Ez gaude prest gainera lau sosa emateagatik gure lepora marketing egin dezaten, euren buruak zurituz”. Era berean, azpimarratu dute aurten ez dutela hazi banaketarik egingo, eta udalaren tasa hori ere ez dutela ordainduko: “Udalak ikusiko du zer egiten duen, baina hobe luke ibilbidea aldatzea, eta bete gabe duen Belartzako epaia, esaterako, lehenbailehen betetzea”.