Alkateak eta Donostiako hainbat pertsona ezagunek izena eman dute Euskaraldian
Euskaraldia iristear da, eta norbanakoek izena eman dezakete dagoeneko, Euskaraldia.eus webgunean (entitateen izen-emate epea bukatu da). Hain justu, izen-ematea sustatzeko ekitaldia egin dute asteazken goizean Bulebarrean, eta gizarteko hainbat arlotako ordezkariek izena eman dute. Eneko Goia Donostiako alkatea, Jon Insausti Euskara zinegotzia, Ainara Vazquez eta Malen Dominguez Bagera Euskaltzaleen Elkarteko ordezkariak, Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako presidentea, Jone Laspiur aktorea eta Imanol Agirretxe Realeko futbolari ohia eta klubeko egiturako kidea izan dira izena eman duten pertsonak. Euskaraldia azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo dute, eta izen-ematea azaroaren 19ra arte egongo da zabalik.
Goiak azaldu du 2018ko Euskaraldian konturatu zen “uste baino jende gehiagorekin eta leku gehiagotan” egin zezakeela euskaraz, eta horregatik, aurtengo leloaren bat egin du: “Euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egingo dut”. Era berean, alkateak nabarmendu du hirian arigune asko daudela. Vazquezek herritarrak Euskaraldian parte hartzera animatu ditu: “Hizkuntza ohiturak aldatzea posible da, eta era kolektiboan urratsak eginez gero, errazagoa izango eta atseginagoa da. Horixe erakutsi zigun 2018an burutu genuen ariketa masiboak, beraz, animatu, izena eman eta esperimenta dezagun elkarrekin”. Izena emateko kutxak jarriko dituzte hiriko kultur etxeetan, Koldo Mitxelenan, Bagera elkartean, udaleko Euskara Zerbitzuan (Konstituzio plazan), Bentaberriko kiroldegian, Igeldoko Itsas Arruen eta Añorgako Jolas Etxean. Hala ere, pandemia dela eta, izena Internet bidez ematea gomendatu dute.
2018an egin zuten moduan, aurtengo euskaraldian ere ahobizi eta belarriprest figurak izango dira, eta norbanakoek bata ala bestea hautatu beharko dute izena ematen dutenean. Ahobizi aukeratzen dutenek, euskara ulertzen duten guztiei euskaraz egingo diete, eta ezezagunei ere lehenengo hitza, gutxienez, euskaraz egingo diete. Belarriprest hautatzen dutenek, aldiz, euskara ulertu beharko dute, eta euskaraz dakitenei beraiekin euskaraz egiteko eskatuko diete, nahiz eta erdaraz erantzun.