Carlos Iturgaiz EAE-ko PP-ko buruak Mikel Lezama Donostiako zinegotzia fitxatu du
Alfonso Alonsok politika utzi ondoren, Carlos Iturgaiz izango da ostiraletik aurrera Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) alderdi popularraren burua, eta Mikel Lezama (Donostia, 1993) Donostiako Udaleko PP-ko zinegotzia fitxatu du alderdiaren egitura berrirako. Hain justu, alderdiaren koordinatzaile nagusia eta bozeramailea izango da EAE-n, hau da, alderdiko hirugarren kargu altuena. Orain arte, zinegotzi izateaz gain, Gipuzkoako popular gazteen lehendakaria izan da.
Lezamak 27 urte ditu, eta Borja Senperren eskutik heldu zen udalera azken udal hauteskundeetan; zerrendan bosgarrena zen, eta popularrek hiru zinegotzi soilik eskuratu bazituzten ere, Ines Barojak eta Blanca Tejadak, hurrenez hurren zerrendako hirugarrenak eta laugarrenak, “modu boluntarioan” karguari uko egin zioten, eta Lezama izendatu zuten zinegotzi, Senperrekin eta Borja Corominasekin batera. Senperrek bere alderdiaren ildo ofizialetik aldendutako kanpaina egin zuen udal hauteskunde haietan, PP-ren siglak ia erakutsi gabe. Orain, Iturgaiz alderdiaren irudi aldaketa egiten ari da, Alonsoren ildotik aldentzeko, eta dinamika horren baitan fitxatu du Lezama.