Arrandegiko obrak hasi dituzte
Merkatua, anbulatorioa eta kirol-instalazioa izango ditu Arrandegiko eraikinak. Bi urteren buruan merkatua zabaltzea espero dute, eta Bretxako bi eraikinen artean plaza ireki bat egoteari eman dio Eneko Goia alkateak lehentasuna. Anbulatorioaren eraikuntzak denbora gehiago iraungo du: alkateak ez du zehaztu zenbat.
Hasi dira Bretxako merkatuko Arrandegiaren eraikinaren obrak, eta bi urte iraungo dituela aurreikusi dute. “Merkatua gora igoko dugu, kalera”, esan du Eneko Goia alkateak. Izan ere, gaur egun lur azpian dagoen merkatua Arrandegiaren behe soilairuan kokatuko dute. Lehen solairuaren zati batean merkatuari lotutako jarduerak izango direla esan du alkateak, baina ez du zehaztu zeintzuk izango diren. Eraikinaren gainerakoa anbulatorioa izango da: Aldamar kaletik izango du sarrera, eta hiru solairu eta erdi izango ditu. Goiko solairuan, kirol-instalazioa ere egongo da.
Alkateak jakinarazi duenez, Arrandegiaren obra inguruaren urbanizazioarekin batera egingo da. “Aldaketa nabarmenak ikusiko ditugu”, ziurtatu du. Arkoak eraikinaren eta Arrandegiaren arteko tupper itxurako eraikina kenduko dute, eta plaza ireki bat izango da bi eraikinen artean. Bertan jarraituko dute baserritarrek, baina alkateak jakinarazi du kokapen berria izango dutela: “Arkoak eraikinaren ondoan egongo dira, ez karpa baten azpian: modu egokiago batean”. Aldamar kalea ere aldatu egingo da: oinezkoen bideak zabaldu egingo dituzte, “bai anbulatoriora, bai kirol-instalaziora modu egoki batean sartzeko, baita kalea berreskuratzeko ere”, esan du Goiak.
Javier Lekuona obraren arduradunak adierazi du bi urte barru irekiko dutela merkatua Arrandegiko behe solairuan. Anbulatorioko obrak denbora gehiago iraungo du, eta ez dute zehaztu noizko egongo den prest. Arraindegiko eraikina “fase desberdinetan” irekitzen joango direla azaldu du Lekuonak. Lehentasuna Bretxako bi eraikinen artean plaza irekitzeak daukala esan du. Orain, Arrandegiko eraikinaren eraisketa fasean daude.
Parte Zaharreko anbulatorioa Esterlines kalean dago gaur egun, eta berria irekitzean Esterlineseko eraikinarekin zer egingo duten galdetuta, erabaki finkorik hartu ez dutela adierazi du alkateak.
Metroaren igarobidea
Donostiako Metroaren igarobideari buruz galdetutakoan, balorazio bat ematera mugatu da: “Xehetasunak ematea Jaurlaritzari dagokio”, esan du. Mirakontxa-Easo zatia 2024ra atzeratu dute, %50 eta %70 arteko gainkostuarekin. “Horrelako obra konplexuetan, atzerapenak askotan gertatzen dira”, esan du Eneko Goiak. “Azalean egiten ari diren lanak ez gelditzea gustatuko litzaidake”, aitortu du.