'Art déco' estiloaren altxorrari agur
Barandiaran kafetegia iaz itxi zuten, eta jabe berriak 'art déco' estiloko dekorazioa eraisten ari direla salatu du Ancora elkarteak. Balio artistiko handia du, baita historia luzea ere. 1813ko sutearen ondoren eraiki zuten Salcedo eraikina, eta 1925ekoa da kafetegiaren dekorazioa.
Ancora elkarteak Donostiako Udalari eskatu dio Parte Zaharreko Barandiaran kafetegian egiten ari diren lanak «berehala» eteteko. Izan ere, Kale Nagusiaren 2. zenbakian zegoen kafetegiak ateak itxi zituen iaz, eta jabe berriak diseinua aldatzeaz gain, barruko hainbat elementu eraisteari ekin dio. Kafetegia Parte Zaharreko Monumentu Multzoaren barruan dago, eta Ancorak Barandiaranen ondarea babesteko eskatu du.
Barandiaran kafetegiaren balio historiko eta artistikoa oso handia da. Ancoraren arabera, hiriko azken kafetegi historikoa da, eta art déco estiloko lokalik «onena» da.
Barandiaran kafetegia Salcedo eraikinean dago, eta kafetegiak bezainbesteko historia dauka. Nemesio de Salcedoren aginduz eraiki zuen Pedro Manuel Ugartemendiak, 1813ko sutearen ondoren Parte Zaharraren berreraikuntzaz arduratu zen arkitektoak berak. Arkitektoak diseinatutako etxe bakarrenetarikoa da Salcedo eraikina.
Nemesio de Salcedo militar bizkaitar bat izan zen, eta Espainiak Amerikan zituen kolonietan ardura garrantzitsuak izan zituen. Gaur egungo Mexiko iparraldean eta Estatu Batuen hego-mendebaldean izan zen agintari. 1815ean erretiratu zen armadatik, eta orduan agindu zion Ugartemendiari garai hartako Plaza Zaharrean bere etxea eraikitzeko. 1820 urterako, egun ezagutzen dugun eraikina eraikita zegoen jada. Sutea baino lehenago, XVI. mendetik Jauregiondo familiarena izan zen orube horretan zegoen etxea.
Barandiaran kafetegia zegoen lokalean Café Paris kafetegia ireki zuten 1920ko hamarkadan. Orain arte lokal horretan egon den dekorazioa orduan diseinatu zuen Pablo Zabalo arkitektoak, 1925ean, hain zuzen.
Café Paris kafetegiak, eta ondoren Barandiaranek izan zuen dekorazioa art-déco estilokoa da.
Gipuzkoan ez da batere ohikoa art-déco estiloa, eta Barandiaran kafetegia da, Ancorakoen arabera, estilo hori kalitate handienarekin mantendu duen lokala probintzia osoan. Lokalaren kanpoaldea kolore desberdinetako marmolekin eta urrezko mosaikoekin estali zuen Zabalo arkitektoak, eta hiru bao edo leiho zabal ditu, forma poligonalarekin. Leiho horien elementu aipagarrienak beirateak dira.
Kolore bizietako lore-motiboz osaturik daude beirateak, eta kalitate handikoak dira. Izan ere, izen handiko Mauméjean Etxeak egin zituen beirateak. Barnealdeari dagokionean, marmolezko paretak zituen, eta bi ispilu dotore.
Egungo jabe berriek Mauméjean beirateak mantenduko badituzte ere, lokalaren gainerako dekorazio guztia eraisteari ekin diotela salatu du Ancora elkarteak.
80 urtez, donostiarren topaleku
1925ean irekitako Café Parisek gero beste hainbat izen izan zituen. Cafetería Irañeta eta Café Zahara izenak izan zituen 36ko gerraren garaian.
Hala ere, 1939ko urtezahar gauean ireki zituen ateak lehen aldiz Barandiaran kafetegiak. Martin Barandiaran eta Josefa Agirre ataundarrek ireki zuten negozioa; lehenago Easo plazako La Bella Easo jatetxe ezagunean lan eginak ziren.
Bikote horrek jarri zion gaur arte iritsi den izena kafetegiari, baita neoi gorrizko errotulu erakargarria ere (San Telmo museoan dago egun). Haienak dira Kale Nagusiko leihoan dauden armarriak ere.
Garai hartako lokala oraingoa baino handiagoa zen: kafetegia izateaz gain, ondoan jatetxea ere bazeukan. Banketeak ematen zituzten bertan, baina 1968an itxi egin zuten.
80 urte eta hiru belaunaldi igaro eta gero, ateak itxi zituen Barandiaran kafetegiak iaz. Betirako geratuko dira donostiarrek lokal mitiko horretan bizitakoak.
Esaterako, jakina da Gabriel Celaya idazleak Barandiaranera joateko ohitura zuela. Beste hainbat gogoratuko dira eguerdian bertan edaten zituzten zuri berezi horietaz. Beste askok Urgull mendira edo Pasealeku Berrira joan ordez, nahiago zuten Kontxako estropadak Barandiaraneko telebistatik ikustea.
Bere ibilbide luze eta oparoan, art-déco estiloko kafetegi historikoa donostiarren topaleku izan da. Ez bakarrik kafesne bat edo ardo zuri bat hartzeko. Donostia osoko herritarren topalekuak bi izan dira beti: Bulebarreko kiosko ondoan dagoen erlojua, eta handik metro gutxira dagoen Barandiaran kafetegia.
Nahiz eta art-déco estiloa desagertu, ikusteko dago jabe berriek aurrekoen martxari eutsiko dioten.