Emakumeen indarra, kameraren aurrean
‘Emakumeen indarra era parte-hartzailean birpentsatzen’ izeneko erakusketa antolatu du Sorginlore Gizarte Elkarteak, Egiako Garraxi tabernan. Nagore Legarreta argazkilariak atera ditu argazki gehienak, eta Inge Mendiorozek bideo bat osatu du horiekin. Erakusketa urriaren 28ra arte ikusi ahalko da, eta «begirada irekitzeko» balio du.
Emakumeen indarrari buruzko erakusketara iristeko jarraitu duzuen bidea zein izan da?
Assumpta Ayerdi (A.A.): Sorginlore duela bi urte sortu zen, eta komunikazio herrikoi feminista da landu nahi genuen ildo bat. Hor hasi ginenean lehen gauza ikerketa parte-hartzaile bat egitea izan zen: 80 emakumek hartu zuten parte. Galdetu genien euren egunerokotasuneko komunikazioan zer nolako indarkeria matxista sufritzen zuten. Ondorioetako bat izan zen indarraren ideia askotan aipatzen zutela, eta ikusi genuen landu behar genuen ardatz bat zela. Askotan emakumeok indarra gehiago erakutsi behar dugu; indarra sakrifizio moduan ulertzen dugu askotan; eta emakume askok ezin dute antzeman indartsuak diren edo ez.
Emakumeen indarrari buruzko ardatza nola landu duzue?
A.A.: Orri markatzaile batzuk egin ditugu Axpi eta Mokueporekin, eszena batzuk garatzen indarraren inguruan. Gero, ikusi genuen argazkien bitartez, eta gorputzekin eta espresioekin pertsonek errazago konektatzen dutela euren buruekin. Beraz, erabaki genuen emakumeen indarraren inguruan gogoeta egitea, emakumeekin batera, euren bizipenetatik abiatuta.
Nolakoa izan da gogoetaren prozesua?
A.A.: Tailer batzuk egin ditugu bost emakume talderekin, eta hasieratik bi helburu zeuden. Batetik, tailerretan parte hartzen zuten emakumeek edukiko zuten aukera era partekatu batean euren bizipenak trukatzeko eta euren emozioak hor kanalizatzeko indarraren inguruan. Bestetik, produktu bat atera nahi genuen, lagundu ahalko zuena emakumeen indarra mahai gainean jartzen eta aitortzen, eta zalantzan jarriko zuena iruditeria hegemonikoa. Espero dugu erakusketak helburua betetzea.
Nola uztartu duzue lanketa eta gogoeta hori argazkigintzarekin?
A.A.: Gogoeta egin eta gero, planteatu genien ea nola islatuko zuten beraien indarra: hau da, nola jarriko zinateke argazki batean indartsu? Nola adierazten duzu zure indarra kamera baten aurrean? Argazkia oso tresna baliagarria izan zen hausnarketa hori ez izateko teorikoa bakarrik. Eboluzio bat ere egon da argazkietan, inguruak ere indarra ematen dizulako.
Nagore Legarreta (N.L.): Espazioak pila bat egin du. Kokalekuak oso desberdinak izan dira, eta parte hartu duten emakumeen profilak ere oso desberdinak dira. Hori oso interesgarria izan zen. Gu hasi ginen Elizaran ikastetxean: egun hori niretzat itzela izan zen, profil oso indartsuetako nerabeak zirelako. Egia esan, kristoren esperientzia izan zen; erronka ere bai, haserre egoteko arrazoiak dituen profil batekin egin genuelako lana. Kasu zehatz horretan errazagoa izan zen argazkien bidez konektatzea, eta txinpartak atera ziren argazki horietan.
A.A.: Zaurgarritasun egoeran dagoen talde bat da, eta beraiek indarkeriarekin ez eukaten inolako arazorik. Beste emakume askok ez daukagu indarrarekin harreman estu eta erraz hori. Indar fisikoa beraien eguneroko tresna bat da, baina ahulak ere badira, nerabetasunagatik.
N.L.: Baina erritmo horri ezin zaio beti eutsi eta oso interesgarria izan zen. Bigarren emakume taldea Izkalikoa zen, eta ohituta daude barne hausnarketa egitera.
A.A.: Ostiralero elkartzen dira emakumeen kultur tailer batean.
N.L.: Haiekin hitzen bidezko dinamikan gauza pila bat atera ziren. Eta argazkietan sorpresak izan ditugu, bai guretzat bai haientzat.
COVID-19ak nola eragin dio proiektuari?
N.L.: Lehen bi taldeekin COVID-19aren aurreko garaian egin genituen argazkiak, baina ondoren, espazio irekiak bilatu genituen: Uliako lore-baratzak. Udan izan da: eguzkia, natura, baratzak, loreak… Argazkiak oso desberdinak dira, eta beste espresio batzuetan zentratu ginen.
A.A.: Bi talde egin genituen: baratza zaintzeko taldea eta bestea deialdi ireki baten bitartez osatu genuen. Bosgarrena Costa Rican egin dugu. Guk hasieratik eduki dugu lankidetza Coleciva Caminandorekin: hango emakume artibista talde bat. Denean egon dira bidean gurekin, eta argazki batzuk handik ekarri zizkiguten. Han lanketa ere egin dute honi buruz.
N.L.: Bost taldeekin ateratako argazkiak dira erakusketan azaltzen direnak.
A.A.: Ateratako 200 argazkitatik hemezortzik osatzen dute erakusketa. Hala ere, aniztasuna ikusten da emakumeen gorputzetan, adinean, azaleran, baita emakume horien indarraren bizipen eta irudikapenean ere. Ez da indarraren iruditeria monolitiko bat.
Zergatik joan beharko luke jendeak Garraxira Emakumeen indarra era parte-hartzailean birpentsatzen erakusketa ikustera?
N.L.: Bizi ditugun egun hauetan, proiektu edo esperientzia ilusionante bat ikustea ez da gutxi. Uste dut horren premian garela denak, txinpartak bizitzeko premian. Espero dut erakusketara gerturatzen direnek hori bizitzea, merezi eta behar ditugulako.
A.A.: Nik uste dut beti dela elikagarria pertsonentzat begirada ezberdinak ikustea. Askotan autoerreferentzialak gara eta aurreiritziak ditugu, eta berdinean mugitzen bagara gure begirada ez da irekitzen. Edozein pertsonarentzako osasungarria da beste begiradak jasotzea.