Gipuzkoa Basket Illunben estreinatuko da
(Argazkia: Borja Benito Hojas) Illunben egokitzapen lanak egiten aritu ostean, Gipuzkoa Basketek etxeko zelaian ligako lehenengo partida jokatzeko aukera izango du. Zaragoza izango dute aurrean donostiarrek. Etxerako itzuleran, ligako lehen partida irabazten saiatuko dira. Saskibaloiarekin jarraituz, Ibaeta Basketek ere etxean jokatuko du laugarren jardunaldia, Promete taldearen kontra. Ligako hiru lehen partidetatik lehenengoa irabazi dute soilik.
Kirol asteburuko beste bi berriak futbolari eta eskubaloiari lotuta daude. Lehenengoan, Realeko neskek ligako lehen partida jokatuko dutelako. Coruñako Deportivo izango dute aurkari, eta Mariasun Quiñonesek nabarmendu zuenez, “aurkari gogorra” dute aurrean, iazko sasoian erakutsi bezala. Irabazteko gakoa, “baloia izatea” baina era berean “azkar mugitzea” direla nabarmendu zuen Hondarribiako jokalariak.
Bestalde, eskubaloiari dagokionez, emakumezkoen ohorezko liga itzuliko da bi asteko etenaldiaren ostean. Bera Berak Puerto del Carmenen kontra jokatuko du, Lanzaroten. Hasiera onari eutsi nahi dio Imanol Alvarezen taldeak.
Belar hockeyan, Realak Junior taldea bisitatuko du Bartzelonan. Partida zaila dute aurrean. Izan ere, Juniorrek orain arte jokatutako hiru partidak irabazi ditu. Jorge Perezen taldeak, berriz, hiruak berdintzea besterik ez du lortu, nahiz eta sentsazio onak dituzten.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek ligako azken irabazlea hartuko dute Txuri Urdin Izotz Jauregian: Puigcerda. Neskak, berriz, Jacara joango dira.
ESKUBALOIA
Emakumezkoen ohorezko maila, 3. jardunaldia
Puerto del Carmen – Bera Bera (Larunbata, 17:00)
SASKIBALOIA
Emakumezkoen lehen maila, 4. jardunaldia
Ibaeta Basket – Promete (Larunbata, 18:00)
Gizonezkoen lehen maila, 2. jardunaldia
Gipuzkoa Basket – Zaragoza (Larunbata, 18:00)
IZOTZ HOCKEYA
Gizonezkoen lehen maila
Txuri Urdin-Puigcerda (Larunbata, 21:45)
Emakumezkoen ohorezko maila
Jaca-Txuri Urdin (Igandea, 14:00)
BELAR HOCKEYA
Emakumezkoen ohorezko maila, 4. jardunaldia
Junior FC – Reala (Igandea, 11:00)
FUTBOLA
Emakumezkoen lehen maila, 2. jardunaldia
Deportivo – Reala (Igandea, 12:00)

