Kolokan daude abendutik otsailera bitarteko festak, udalak baieztatu duenez
Inauterietako konpartsen desfilea bertan behera utzi ondoren, San Sebastian eguneko ospakizunekin zer egin aztertzen ari da udala haurren eta helduen danborraden antolatzaileekin. Erabaki partekatua azaroa hasierarako hartzea aurreikusten dute.
Festarik ez da pandemia garaian, eta Donostiako Aste Nagusia eta auzoetako jaiak bertan behera geratu ziren. Abendutik otsailera bitarte, hainbat festa izango ditu hiriak: San Tomas eguna, gabonetako desfileak, sansebastianak, kaldereroak, inude eta artzainak eta inauteriak. Donostiako Udaleko Festak sailak dagoeneko bertan behera utzi du inauterietako konpartsen desfilea, eta oraindik ez du erabakirik hartu Errege Magoen eta Olentzero eta Mari Domingiren gabonetako desfileen inguruan. Itxura guztien arabera, bertan behera geratuko dira, COVID-19aren harira ezarritako neurriak ez dituztelako betetzen. Nekane Arzallus alkateordeak asteartean baieztatu zuen festa bakoitzaren egoera aztertzen ari badira ere, guztiak kolokan daudela.
San Sebastian eguneko ospakizunen inguruan udala bilerak egiten hasi zen iraila bukaeran festaren antolaketan inplikatuta dauden eragileekin. Pasa den astean helduen danborraden zona bakoitzaren ordezkariarekin bilera egin zuten. Aste honetan haur danborradetako ordezkariekin elkartu dira. Eta ondoren, udal taldeekin hitz egingo dute. Guztien iritziak ezagututa, erabaki bat hartuko dute. Espero da erabakia azaroaren hasieran hartzea. «Mahai gainean dago zerbait sinbolikoa egitea. Esaterako, Urrezko Danborra eta dominen auzia hor dago. Hainbat erabaki daude hartzeko», azaldu dio udalak hedabide honi.
Indarrean dagoen dekretua
Inauterietako konpartsen desfilea Donostia Festakek antolatzen du, eta egun indarrean dauden osasun neurriengatik bertan behera uztea erabaki dute. Dekretuak dio ezin direla desfileak egin, eta ezin direla hamar pertsona baino gehiago elkartu. «Desfilean 30.000 ikusle biltzen dira kaleetan, eta horrek ere aglomerazioak ez egoteko gomendio zein neurriekin talka egiten du. Erabakia orain hartu da konpartsek entseguak urrian eta azaroan hasten dituztelako. Ordurako erabakita dute zein gai jorratuko duten eta jantziak zein karroza egiten hasi behar dute», azaldu du udalak.