«Oso zorionekoa sentitzen naiz»
Arte Ederrak ikasi zituen Jone Laspiur Gorosabelek (Intxaurrondo, 1995), eta 68. Zinemaldian izan dira bere lehen lanak: ‘Ane’ eta ‘Akelarre’ filmak, eta ‘Alardea’ telesaila. Beste diziplina batzuetan ere eskarmentua du: Koban eta Nogen musika taldeetan ibili da, eta arte sorkuntzan hainbat erakusketa aurkeztu ditu.
Bizitako Zinemaldietatik desberdinena izango zen aurtengoa, ezta? Nola joan da jaialdia?
Urtero saiatzen naiz Zinemaldian izaten, eta asko gustatzen zait aurrez pelikulen aukeraketa egitea eta aste hori antolatzea. Aurtengoa, baina, oso desberdina izan da, egun libre bakarra izan nuen, eta apenas bi pelikula ikusi ahal izan nituen. Zinemaldiaren aurreko astea izan zen eroena niretzat: egunak antolatzea, jantziak bilatzea, elkarrizketak prestatzea, eta abar. Zinemaldian bertan lasaiago ibili nintzen, eta asko gozatu nuen, aurtengoa oso arraroa izan den arren. Ane eta Akelarre pelikulez gain, Alardea telesaila ere aurkeztu genuen, eta Zinemira Euskal Zinearen galan aurkezle izateko ohorea izan nuen, Aia Kruserekin batera. Guztira, bost egun pasa nituen Zinemaldian murgilduta, eta ajeari lekua utzi gabe, jarraian Artedrama euskal antzerki topaketetan izan naiz, beraz, oraintxe ari naiz lur hartzen.
Nola izan da egindako lanak pantaila handian ikustea?
Prozesu aldrebesa izan da nirea: etxea lurretik hasi ordez teilatutik hasi dudala sentitzen dut. Ohore handia izan da nire lehen lanekin Zinemaldian parte hartu izana, eta kontziente naiz hau ez dela normalena. Akelarre pelikula aurrez ikusi ahal izan nuen, hala ere, bigarren aldiz ikusteak lehenengoan ez ikusitakoak erakusten dizkizu; beste hainbatetan ere ikusiko nuke gustura. Ane lehen aldiz ikusi nuen Kursaalean, lankideekin, familiarekin eta lagunekin. Davidek [David Perez Sañudok, zuzendariak] proiekzioa hasi aurretik pelikula txiki gisa aurkeztu zuen, baina pelikula handi batekin egin nuen topo. Oso gustura geratu nintzen, eta zirrara handiz bizi izan nuen nire lankideen lana ikustea, haien eszenak ez neuzkalako ikusita.
Nolakoa izan zen lan horien sorkuntza prozesua?
Oso desberdinak izan dira prozesuak haien artean. Akelarre fikziozkoa den arren historikoa da, eta Aro Modernoan kokatua dago, horrek dakarren guztiarekin. Prozesu kolektiboa izan da aktore koru bat izan delako, eta sei nesken artean eraiki ditugu pertsonaiak, norberak berea eraikitzen zuen bitartean. Ezinbestekoa izan da gure arteko elkarbizitza filmatu aurreko entseguen bi hilabeteetan, eta filmaketaren beste bi hilabeteetan. Lagun talde bat izan gara lanean, baita paraleloki bizitzan ere. Nire kasuan, oso modu intuitiboan egin dut lan, nire buruak eta kanpokoek osatzen zutenarekin.
Ane-n, ordea, lan teknikoagoa egin dudala esango nuke, eta pertsonalagoa. Aldi berean, Patriciaren [Patricia Lopez Arnaiz] lana ispilu gisa erabili dut, ama-alabaren arteko istorio bat baita. Davidekin eta Marina gidoilariarekin [Marina Pares Pulido] oso gertutik egin dut lan, pauso bakoitza aurrez hitz eginez, eta konfiantza esparru bat sortuz. Denon artean eraiki da Ane. Asko ikasi dut. Aldi berean, nire nerabezarora jo behar izan dut 17 urteko pertsona baten portaerak berriro ulertzeko.
Bi filmak oso desberdinak izan arren, emakume indartsuak dira protagonistak. Nola sentitu zara paper horiek antzezten?
Natural eta eroso sentitu naiz. Bi emakume gehiago bezala sentitzen ditut beste guztien artean, eta
normala izan beharko luke zineman askotariko emakume profilak aurkitzea. Hala ere, kontziente naiz emakumeen paper gutxi direla interesgarriak, eta asko betiko rol estereotipatuez beteta daudela. Tristea da oso.
Eta orain, zerbaitetan zabiltza lanean? Diziplina jakin baten alde apustua egiteko asmoa duzu?
Orain bertan Arte Dramatikoaren aldeko apustua egitera noa Mar Navarroren eskolan, baina uste dut denentzako lekua dagoela. Gauza diluitu gisa ulertzen ditut diziplinak: muga horiek hain sendoak ez direla sentitzen dut, eta hibridotasun horretan arakatu nahiko nuke. Egia da azken urtean ezin izan dudala gauza askorik egin beste arlo batzuetan, lan dezente izan dudalako unibertsitatearekin eta zinemarekin. Oso lan ezegonkorra da bizitzari jarraikortasun bat eman, eta leku eta jende konkretu batekin gauzak eraikitzeko. Apustu handia da. Edozein diziplinatako proiektutan jarraikortasuna ezinbestekoa da, bai musikan, baita artean ere. Desiratzen nago horiek berrartzeko, eta orain daukadan panoramarekiko formatu eramangarri eta berriekin esperimentatzeko. Hala ere asko ikusten ari naiz, eta gero eta gehiago sinisten dut diziplinen nahastean, oso ondo funtzionatzen duten proiektuak dira artea, diseinua, argazkilaritza, literatura, moda, dantza, performancea eta abar nahasten dituztenak. Azken finean, gaur egun oso eskura ditugu baliabideak, eta zaila iruditzen zait haiekiko interesik ez izatea.