Urek eramatea nahi ez duten aterpea
Urumea ibaiaren zabaltze proiektuak Martuteneko Lugañenea baserria eraistea aurreikusten du. Donostia Arraun Lagunak klubaren egoitza da 1973tik, eta udala da eraikinaren eta lursailaren jabea. Ancora elkarteak baserria ez botatzeko eskatu du.
Babesturiko eraikina da Martuteneko Lugañenea baserria, baina eraisteko arriskuan dago. Urumea ibaiaren uholdeei aurre egiteko proiektuak eraikina botatzea aurreikusten du. Baserriak C mailako babesa du, eta Ancora elkarteak babes maila hori igotzeko eskatu dio Donostiako Udal Gobernuari. Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren (EHOBPB) berrikusketan aztertzen ari diren eraikinetako bat da.
Ibaiaren ezker ertzeko erriberan dago Lugañenea. XIX. mendean eraiki zutenetik, maizterrek hainbat erabilera eman dizkiote. Bizilekua izatearekin batera, nekazaritza, abeltzaintza eta lorezaintza lanak egin zituzten. La Orquidea izena ere jarri zioten. 1973tik Donostia Arraun Lagunak klubaren egoitza da, eta orduan berreskuratu zuen Lugañenea izena. Arraun taldeak 30 urterako kontratua sinatu zuen Teodoro Vaca lursailaren jabearekin. Ordea, 1998. urte inguruan Donostiako Udalak jabearekin permuta bat egin eta lursaila eskuratu zuen. Ordutik, udalarena da eraikina, eta Arraun Lagunakek erabiltzen du lagapen modura.
Itziar Egurenekin eta Jose Ramon Gomezekin elkartu da IRUTXULOKO HITZA, Lugañenea baserrian. Arraun Lagunakeko presidentea eta presidente ohia dira, hurrenez hurren. Biak arraunlari izandakoak dira, eta ondo ezagutzen dute klubaren zein egoitzaren historia. Batez ere, Gomezek. 1965eko apirilean hasi zen Arraun Lagunakekin arraunean –1964an sortu zen kluba–, eta 1973an Lugañenea alokairuan hartu zutenetik lan asko egin du egoitza mantendu eta babesteko. «Ofizialki gurea ez bada ere, Lugañenea gurea dela sentitzen dugu. Asko zaindu dugu gure egoitza bihurtu zenetik», azaldu du Gomezek.
«Baserri abandonatu bat txukundu eta balioa eman genion. Lan asko egin genuen ukuiluak garbitzeko, eta horietatik lohia ateratzeko», gogoratu du Gomezek. «Klubaren sortzaile beteranoek oraindik entrenamiento ruso esana erabiltzen dute, egoitzan edo lursailean konponketaren bat egin behar bada. Izan ere, bere garaian entrenamenduak egin ostean baserria garbitu eta konpontzen zuten», azaldu du Egurenek.
Lugañeneri eman dioten balioa dela eta, pena bakarra du Gomezek.«Ez genuen hitzarmenik egin udalarekin baserria eskuratu zutenean. Erabiltzen jarraitu ahal izan dugu, baina idatzizko akordiorik egin gabe. Hau da, eraikina uzteko eska diezagukete». 2000. urtearen inguruan baserria berritu zuten, kanpotik eta barrutik txukunduta. «Ur Kirolaken egoitza berria eraiki zenean, udalari eskatu genion gure egoitzan hobekuntza batzuk egiteko. Beste eraikinera bideratu zen diruaren laurdenarekin egin ziren gure konponketak», azpimarratu du Gomezek.
Gerora, beste hainbat egokitzapen egin dituzte baserrian. Esaterako, ganbararen zati bat logela bihurtu dute eta gizonezkoen zein emakumezkoen aldagelak parekatu dituzte. «Gaur egun, antzeko neska-mutil kopurua dugu klubean, eta horregatik aldagelak egokitu behar izan ditugu espazioak berdintzeko», esan du Egurenek.
Milaka arraunlari donostiar pasa dira Lugañenetik, eta beste asko pasako direla uste du Egurenek: «Horrek balio sozial garrantzitsua ematen dio klubari. Aurten Donostian arraun fitxa gehien egin dituen kluba gara, eta datorren urteari begira gehiago izango direla aurreikusten dugu». Iritzi berekoa da Gomez: «Gure kirol bizitza da Lugañenea, eta hiriari zein arraunari egin diogun ekarpena agerikoa da».
Udalarekin harremanetan
Duela sei urte, Urumea ibaia zabaltzeko proiektuaren berri prentsaren bidez izan zuen Arraun Lagunakek. Asko kezkatu ziren jakitean Lugañenea baserria eraistea aurreikusten dela. Hori dela eta, udalarekin harremanetan jarri ziren irtenbide bat adosteko. «Udal gobernuko kideei egoitzara etortzeko esan genien, gure lana, materiala eta baserriaren egoera ona bertatik bertara ikus zitzaten. Ordea, ez dute aparteko interesik jarri hona etortzeko», nabarmendu du Gomezek.
«Iaz bilera bat egin genuen udaletxean, eta esan ziguten ez zegoela batere argi zer gertatuko zen baserriarekin. Aurten, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak esan zigun gure egoitza eta instalazioak ikustera etorriko zela. Abuztuan zen etortzekoa, baina agenda arazoengatik ez zen etorri. Ez dakigu agenda kontuak diren, edo ez duten etorri nahi», azaldu du Egurenek. Horrela ere, Arzallusek Arraun Lagunakekin elkartu eta irtenbide bat bilatzeko borondatea erakutsi duela gaineratu du.
«Baserria lau-bost urtetan botako zutela esan ziguten, baina dagoeneko pasa da denbora hori. Kartzelako lursailarekin gertatzen denaren araberakoa izango dela pentsatzen dugu», azpimarratu du Gomezek. «Interesgarria litzateke udal ordezkariak hona etortzea. Baserriaren hormak, zutabeak eta habeak orijinalak dira, ez ditugu ukitu. Egoera onean daude eta duten balioa aitortzea eskatzen dugu». Beste gauza batekin «harrituta» dagoela esan du Gomezek: «Lugañenetik metro batzuetara dagoen Benartegi baserria botatzeko asmorik ez dute, eta ez dut ulertzen zein den bien arteko desberdintasuna, bata babesteko eta bestea ez». Udalak baserri ondoko industrialdean dagoen udal eraikin bati buruz hitz egin die bileretan, baina klubak oraindik ez daki zehazki zein den eta non dagoen.
Lugañeneren etorkizuna argitu bitartean, Arraun Lagunakek lanean jarraitzen du, eta laster egoitza txukunduko dute. «Martin Berasategi sukaldaria klubaren babesle nagusietako bat da, eta bere ekimenez egoitza margotuko dute. Bestalde, atarian bi eskultura jarriko ditugu», aurreratu du Egurenek.
Baserriak babestea helburu
Ancora elkarteak Donostiako 70 baserri inguru babesteko eskaera egin du. «Konturatu ginen baserri asko katalogatu gabe zeudela, eta Donostiaren ondare garrantzitsua dira. Hirian memoria eta nortasuna dira. Horrekin batera, udalari eskatu diogu 1813 aurreko eraikin guztiei balio bereizgarri bat emateko. Hiriari su eman eta dena suntsitu zenean, harresitik kanpo baserri asko zeuden», azaldu du Alberto Fernandez D’Arlas Ancorako kideak.
«Lugañenea oso ondo dago, ondo zaindu dutelako. 1862koa dela jartzen du eraikinean, baina baserri barroko bat dela dirudi harrizko zutabe eta leihoengatik. Horregatik uste dugu lehenagokoa dela», azpimarratu du Fernandez D’Arlasek. Baserriak balio bereizgarria duela gaineratu du, eta udalak baserria mantendu beharko lukeela dio, batez ere, udalarena delako. «Borondate kontua da baserria ez eraistea. Urumearen ertzetan dauden eraikin zaharrak gero eta gutxiago dira, eta daudenak gutxienez mantentzeko eskatzen ari gara», gaineratu du. «Udala ez da kontziente baserri horien balioaz. Gainera, udalaren eskumena da baserri horiek katalogatu eta babestea. Eusko Jaurlaritzari dagokio momentu historiko gisa izendatzea, babes maila gorena emateko. Dena dela, udalaren ardura da hiriko ondarea babestea». Ancorak egindako eskaerak aztertzen ari dira, baina oraindik ez dute erantzunik jaso, eta ez dute horrelakorik espero.
Donostiako Udalarekin harremanetan jarri da hedabide hau Lugañenea baserriaren inguruan informazioa jasotzeko. Papereko edizioa ixterako orduan, udalak ez zuen erantzunik eman. Gerora, ordea, Hirigintza sailak adierazpen bat helarazi dio hedabide honi: “Baserria dagoen eremua Plan Orokorretik kanpo utzi zen, uholde arriskuko gunea delako. Gainera, gune hori Antzita izeneko garapenaren barruan dago. Antzitako Plan Berezia 2016an onartu zen, baina orain udalak Plan Orokor horri aldaketak egingo dizkio. Eta horien artean, kirol ekipamendurako lursail bat aurreikustea sartuko da. Udalaren nahia da kirol ekipamendu hori arraunarentzat izatea”. Horrekin batera, udalak jakinarazi du Hirigintza eta Kirol sailetako teknikariak elkarlanean ari direla Nekane Arzallusek izan zuen gonbidapenari erantzuteko eta bisita egiteko data zehazteko.
Historia bizia
Asier Agirresarobe eta Josu Tellabide ikerlariek hainbat elkarrizketa egin zituzten 2013 eta 2014 bitartean, Behe Urumea ibarraren memoria historikoa jasotzeko asmoz. Ikerketa horren bidez Lugañenea baserria katalogatu zuten Urumeako arroaren kultura-paisaia azterlanean. Honela dio deskribapenak: «Garai batean Beheko Amara auzoan, Martutenen kokatzen da egun Lugañenea baserria, ezker errio ertzeko erriberan. Oinplano angeluzuzena, hiru solairu eta bi uretako zurezko estalkia ditu. Eraikinaren elementu nabarmenena fatxada nagusiaren beheko solairuan dituen harlanduzko lau pilareak dira, garai batean izan zuen ataripe irekiaren lekuko».
Datu historiko esanguratsu batzuk ere jaso zituzten azterlanean. Lehen erreferentzia 1803koa da, eta Lobaina da eraikinaren izena. 1811an Joaquin Irizarrek eskuratu zuen eraikina, eta izen bera mantendu zuen. Aldiz, 1832an Lugaña izena hartzen du, eta Rafaela Urdanpilleta ageri da jabetzaren erregistroan. Azkenik, baserriaren fatxadan ageri den dataren datu historikoa du azterlanak. 1862an Lobaina edo Lubañene izenarekin ageri da erregistroan, eta Lorenzo Alzate da jabea. Gerora, Teodoro Vacak eskuratu zuen lursaila, eta esan bezala 1973an Donostia Arraun Lagunaken esku utzi zuen alokairuan. Baserriak duen historia luzea urak ez eramatea nahi dute egungo kudeatzaileek. Dena dela, udalarena da azken hitza.