Begoña Urrozen omenezko plaka jarri dute bere heriotzaren 60. urtemugan
Urte askoan atentatua ETAk egin zuela uste izan zen, baina hainbat historialariren ikerketa batek ondorioztatu zuen atentatua Directorio Revolucionario Ibérico de Liberación (DRIL) izeneko talde batek egin zuela.
Begoña Urrozek 22 hilabete zituen 1960.urteko ekainaren 27an Amarako tren geltokiaren kanpoaldean jarritako bonba baten ondorioz hil zenean. Gaur, haren heriotzaren 60. urtemugan, plaka jartzeko ekitaldia egin du Donostiako Udalak.
Ekitaldian Begoña Urrozen senitartekoak izan dira, tartean bere ahizpa Begoña –bere ahizparen izen bera du–, baita auzokideak eta lagunak ere. Begoña Urrozek, hildakoaren ahizpak, eskerrak eman dizkio Udalari. Esan duenez, “nire gurasoak oso eskertuta egongo lirateke omenaldi honekin”. “Ez daude, hil ziren, baina badakit goitik ikusten ari direla”, esan du.
Urroz ziur dago barkamena posible dela; bestela “hondatuta” biziko liratekeela adierazi du. Era berean, “dolua” ere posible dela esan du, eta gogorarazi du hilketa hau “drama” bat izan zela, batez ere haren aitarentzat: “Atentatu hau errekonozitua izan gabe hil zen aita, nor izan zen jakin gabe, omenaldirik gabe. Aita 2011an hil zen, eta gero hasi ziren omenaldiak. Espero dut goitik hau ikusten egotea, merezi du eta”, esan du.
Eztandak eragin zizkion erredura larrien ondorioz, atentatuaren hurrengo egunean zendu zen Begoña Urroz, Perpetuo Socorro klinikan. Urte askoan atentatua ETAk egin zuela uste izan zen, baina hainbat historialariren ikerketa batek ondorioztatu zuen atentatua Directorio Revolucionario Ibérico de Liberación (DRIL) izeneko talde batek egin zuela.
Berria egunkariak 2011. urtean erreportaje zabala argitaratu zuen Begoña Urrozen atentatuaren inguruan: Nork hil zuen Begoña Urroz?. Atentatua ETAk egin zuela dioen hipotesia zabaltzen hasi zen berria garai hartan. Ez zegoen, ordea, ETA izan zela baieztatzeko daturik.