Indarkeriaren biktimen omenezko plakak jartzeko dinamika berrikusi behar dela uste du EH Bilduk
EH Bildu hasieratik oso kritiko agertu da ekitaldi publiko hauetan burutu den prozesu guztiarekin. Gaur ohar bidez salatu du erabakiak hartzeko moduari dagokionez, udal Gobernuak EH Bildu prozesu osotik kanpo utzi duela, ez duela “funtsezko informazioa” beraiekin ez duela konpartitu, eta soilik hurrengo ekitaldiaren data eta pertsona ematera mugatu direla, “beti ahoz eta arrazoiak azaldu gabe”.
Azaldu du hasieratik azpimarratu dutela “ezinbestekoa dela biktima guztiak zaintzea”, eta ziurtatzea “ez zitzaiela lehendik dutena baino min handiagoa eragingo”.
Plakak jartzeko dinamika berrikus dadila eskatu du EH Bilduk: “Indarkeria-mota guztien biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidearen errespetutik, EH Bilduk uste du, zintzoki, dinamika hau bere osotasunean berrikusi behar dela”. Udal taldearen ustez, biktima guztiekin ez da egin “horrelako dinamika batek eskatzen duen lan diskretua”, eta, “ez dute ezer egin gaur egun biktima batzuek sentitzen duten tratu-ezberdintasuna gainditzeari begira”. Horregatik uste dute ez diola ekarpenik egingo “bizikidetza demokratikoaren eta kontakizun guztiak barnebilduko dituen memoria inklusiboaren eraikuntzari”.
Begoña Urrozen gaurko ekimen zehatzari dagokionez, EH Bilduk bere gertutasuna adierazi dio familiari: “Gure aitorpen eta borondate osoa erakutsi nahi diogu, izan ere, giza dramaz gain, egiletzari buruzko bertsio ofizial faltsu baten mende egon den kasu baten aurrean gaude, kontakizun politiko zehatz bat ezartzeko erabilia izan dena. ‘Kontakizunaren borroka’ delakoan erabilitako beste kasu bat da hau. Kasu paradigmatikoa, ez egiarik ez justiziarik izan ez duena”.
Familiari errespetua adierazteko asmoz, udal-taldeak familiarekin udaletxean egin den harreran parte hartu du, baina oharrean adierazitako arrazoiak direla medio, ez du parte hartu ondoren egin den paseotxoan eta plaka jartzeko ekitaldian.